lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 18/11/2025

Protesta egin dute Gipuzkoako suhiltzaileek, aldundiak euskara eskakizunak apaldu dituela salatzeko

La Haine - Euskal Herria
Bestetik, euskara eskakizuna “neurriz kanpokoa” dela argudiatuta, beste lan deialdi bat baliogabetu dute Bizkaian.

Atzo arratsaldean, hainbat suhitzailek protesta egin zuten Gipuzkoako Diputazioaren egoitzaren aurrean, Donostian(Gipuzkoa). Euskara eskakizunak apalduko dituela jakinarazi zuen duela gutxi Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta horren aurka kalera atera dira, uste baitute handia dela beren zerbitzura begira erabaki horrek ekar dezakeen inboluzioa. Euskara egiaztatzeko hizkuntza eskakizunen kontrako epaiak metatuz joan dira erakunde askotan iragan urteotan, eta Gipuzkoako Diputazioaren kontrakoak izan dira epai horietako asko. Gipuzkoako Diputazioak esan zuenez, enplegu publikoko hamahiru lan eskaintza martxan jarri behar dituzte hurrengo asteotan, eta horietan guztira 113 lanpostu eskainiko dira. Atzo suhiltzaileek azaldu zuten lanpostu horietako 68 suhiltzaileen zerbitzuenak direla, eta aldundiaren asmoa dela horietatik 23ri atzeratzea euskara ikasteko data.

Elkarretaratzean zabaldu zuten prentsa ohar baten bidez ohartazi zutenez, “erabat euskalduna den zerbitzu batean atzerapauso handia litzateke”, urteotan beren lan eremua euskalduntzeko egindako aurrerabideak kolokan ikusten baidituzte. “Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzua da Euskal Herrian bere irrati komunikazioetan euskara hutsean lan egiten duen zerbitzu bakarra”, azaldu zuten. “Horrez gain, langileria ia guztia euskalduna izateak zerbitzu barruko harremanak, bilerak eta formakuntzak euskaraz egin ahal izatea bermatzen du”. Ondoren, Aldundiak bere erabakian atzera egiten ez badu suhiltzaileen errealitate linguistikoan izango diren aldaketez ohartarazi zuten: “Jakina da edozein taldetan euskaraz ez dakien bat egotea nahikoa dela taldearen harreman hizkuntza gaztelania bihurtzeko”. Beranduago, honako galdera hau bota zuten: “Non geratzen da herritarrek larrialdi zerbitzua nahi edo behar duten hizkuntzan jasotzeko eskubidea?”. Gaur egun, edozein gipuzkoarri "erosoen adierazi nahi duen hizkuntzan laguntzeko edo entzuteko" gai direla esan dute, eta beraientzat, hori "oso garrantzitsua" da. Bide horretan, zerbitzuan euskaraz funtzionatzeko hautua egina dutela gogoratu dute. Zerbitzu hori ematen, gainera, aitzindariak direla adierazi dute: “Gaur egun, gurea da euskaraz zerbitzua emateko gai den larrialdi zerbitzu bakarra Euskal Herrian, eta hori ez indartzea eta mantentzea pena handia da”.

Euskararen aurkako beste epai judizial bat Bizkaian

CCOO sindikatuaren hitzetan, "derrigor bete beharreko indizea bikoizten zuelako" baliogabetu du EAEko Auzitegi Nagusiak Bizkaiko Foru Aldundiko herri-lanetan zeladore aritzeko deialdia, hamaika lanpostutatik hamarretan (plazen %91n) eskatzen baitzuten euskarazko C1 maila. Eskakizuna "neurriz kanpokotzat" eta hortaz "diskriminatzailetzat" hartua izan dela jakinarazi du CCOO-k, plazaratutako oharrean. Eusko Jaurlaritzaren 9/2024 dekretua aintzat hartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak nahitaez bete beharreko indizea lanpostu guztien %46,47koa dela dio, zeina baliogabetutako deialdiak nabarmen urratzen duen. CCOO-k gaineratu du euskarazko C1 titulazioa eskatzea "behin-behineko langileak baztertzea" dakarrela.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal