Retailleau frantses barne ministro faxista Miarritzen izanen da gaur


Apirilaren 11an, Bruno Retailleau, Frantziako barne ministroa Euskal Herrian (Miarritze, Biriatu, Angelu) izanen da, bere alderdia, Errepublikanoak (LR), presidentegaia hautatzeko kanpainiaren kari, bai eta mugan jarri duen dispositibo polizialari buruz komunikatzeko. Frantziar gobernuko pisu handiko ministro honek, azken urteetan frantses eskuina tradizionalak eskuin muturrerantz ezagutzen duen lerratzea sinbolizatzen du. Islamofobia, arrazismoa, Israelen defendatzaile sutsua, Marine Le Pen kondenatu duten "epai gorrien" salaketa... eskuin muturraren agenda politikoan eta marko diskurtsiboan kokatzen da Retailleau.Bere ideia ultra-kontserbadore eta erreakzionarioek hedapen handia izan dute azken hilabeetan eta Frantziako lehendakaritzako anbizioak ditu.
Bere ibilbide politikoan, barne-ministroak bere izaera xenofobo eta arrazista hainbat aldiz erakutsi du. "Zibilizazio gerraren" teoriaren - imigranteak eta musulmanak "etsaiak" bezala kontsideratzen dituzte - promotore den Philippe de Villiers-taz luzaz hurbil izan da. Eta, bere ideologia arrazista eta islamofoboa argitarat eraman du azken hilabeteetan: Frantses nazionalitatea duten baina jatorri atzerritarra duten herritarretaz hitz egiteko bere alderdiko kide batek "Paperezko frantsesak" aipatu zituen. Ateraldi hau salatu ordez, erranmolde hori defendatu zuen frantsesen arteko bereizketa arrazista bat planteatuz.
Martxoaren 26an Israelen aldeko Elnet lobby taldeak eta Sthrin miliardunak antolatu bilera islamofoboan, diskurtso bat egin zuen. Bilera honetan eskuin muturreko aurpegi desberdinek musulmanen eta palestinarren aurkako herra diskurtsoak zabaldu zituzten. Hari beretik, Retailleauk emazte musulmanen aurkako lege diskriminatzaile berri bat plantan eman nahi du, kirola egiten dutenei buru-zapia debekatuz.
Frantzia eta Aljeriaren artean krisi diplomatiko bat elikatu zuen, Aljeriarekiko duen gorrotoa eta batez ere herri honen kolonializazioaren ikuspegi nostalgikoa hedatuz. Gai honetan ere, eskuin muturraren Historioa politikoa eta kultura politikoarekin lerrokatzen da. Etorkinen aurkako erasoak Urtarrilean, prefeta guztiei igorri zuen zirkular baten ondorioz "paperik gabeko atzerritarren" erregularizazioa oraindik gehiago zaildu zuen. Horren ondorioz, prefetek eskaera txikienari uko egiteko boterea dute. Lege honek imigratuen prekarizazioa azkartzen du. Euskal Herrian, urtarriletik Jean-Marie Girier prefetak barne-ministroaren politika anti-imigratzailea aplikatzen du - eta gogotik seguraski.
Bestalde, martxo bukaeran migrazioaren aurkako poliziaren mobilizazioari oihartzuna emaiteko komunikazio-kanpaina burutu zen Ipar Euskal Herrian, barne-ministroak bultzaturik. Mugako kontrol poliziala azkartuko zutela iragarri zuten, "bigarren indar berezi" bat sortuz.
"Ordena, ordena eta ordenaz" obsesionatua, 2027ko hauteskundeentzat anbizioak dituen pertsona honek eskuina eta eskuin muturra bateratzea du helburu. LR alderdiko lehendakari izateko kanpainaren kari Miarritzen bilkura publiko bat eginen du Max Brisson eta Maider Arosteguyrekin batera. Joan den hilabetean, Miarritzen, Pierre-Edouard Stérin eskuin muturreko miliardunak finantzatutako "Centre de réflexion sur la sécurité intérieure" bilkuran Maider Arosteguyren presentziak eskuin muturrerantz lerratzeko duten joera argitan eman zuen. Bruno Retailleau ministroaren sustengu taldea integratuz, Ipar Euskal-Herriko LR mugimendua eskuin muturreko ideiekin argiki lerrokatzen da. Max Brisson buru, Miarritzeko Maider Arosteguy, Donibane Lohitzuneko, Jean-François Irigoyen, Iholdiko Beñat Cachenaut eta Garindaineko Alain Arlak eskuin muturreko ideia xenofoboak defenditzen dituen hautagai baten alde posizionatu dira. Eskuin muturraren aurkako borrokan, faktore hau kontutan hartu beharko da.
Eskuin muturraren ideiak Ipar Euskal Herrian errotzen
Bestalde ere garatzen ari da eskuin muturra Ipar Euskal Herrian. Beskoitzen elikadura osagarriak saltzen dituen Brennos enpresak bere egoitza badu. Duela hilabete batzu, Frantses esfera faxistaren figura batzu - Baptiste Marchais, Papacito - markaren promozioa egitera jin zitzaizkien bertan. Brennos markak "Galiar" iruditeria erabiltzen du eta erreferentzia maskulinistak goraipatzen ditu. Duela aste batzu "faxistak kanpora" lemapean pintadak agertu zitzaien dendan.
Apirilaren 11an, Miarritzeko Casinoaren aitzinean, 18.00etan elgarretaratzera deitzen dute hainbat eragile politikoek, "Retailleau kanpora" lemapean. Momentua izanen da Frantziar barne-ministroari oroitarazteko bera dela kanpotiarra Euskal Herrian eta munduko errefuxiatu eta beharretan den jende guzia ongi etorria dela hemen! Bere esaldia berriz hartzeko, gu gira "paperezko frantsesak".