lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 25/07/2024

San Juan arraun klubeko kideak euskaldunak izateagatik Pedreñan jasandako erasoa salatu dute

Berria/La Haine
Herritik ateratzen ari zirela, herriko zale batzuek taldearen furgonetari eraso egin zioten hainbat botila jaurtiz, "vascos de mierda" eta "puta Euskadi" ohiukatzen zuten bitartean.

Iragan larunbatean gertaera higuingarri batean murgildu zen San Juan-Koxtape arraun kluba. Irainak jasan behar izan zituzten estropadan, eta, herritik ateratzen ari zirela, herriko zale talde batzuek furgonetari eraso egin zioten hainbat elementu jaurtiz. Pedreñako (Espainia) estropadan izan zen, eta emakumezkoen taldearen txalupa zulatu zuten erasoan.

Klubak agiri bat argitaratu du, eta adierazi larunbat arratsalde osoan gazte talde batek «gorroto irainak» esan zizkietela, «euskaldunak izateagatik». Gainera, pasaitarrek uste dute erasoa «aurrez pentsatutakoa» izan zela, eta estropadan izandako kideei «kalte material eta psikologikoak eragin» dizkietela.

«Estropada bukatu zenean, zerbait gertatu zen Pedreñako eta gure zaleen artean. Zerbait esan zidaten niri, irainen bat, eta norbaitek erantzun egin zien. Momentuko kontu bat izan zen, ez zen besterik izan. Baina Pedreñatik etxeko bidea hartu genuenean, erasotu egin zioten nesken taldeko atoiari», azaldu du Joseba Fernandezek, gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaileak. Taberna batetik pasatzerakoan, estropadan istiluak sortu zituztenek, tabernatik atera, eta errepidea moztu nahi izan zuten. Atoiak aurrera egiteko tokia aurkitu zuen, eta orduantxe botilak jaurti zizkioten traineru arrosari, haren zati bat zulatuz. Fernandezek dio erasotzaileak hantxe geratu zirela, egin zutena harro defendatuz, eta denetarik deitu zietela bertan zeudenei. Esate baterako «vascos de mierda», «puta Euskadi».

Traineruaren aurka botilak bota zituztenean, arraunlariak ez ziren konturatu. Izan ere, ez ziren oso gertu, eta elkarrekin hizketan ari ziren momentu hartan. Baina konturatu orduko furgonetatik atera ziren. «Taldekidea atera zenean, ni ere atera nintzen laguntzera. Hamar pertsona inguru ziren, Espainiako banderarekin irainak egiten. Beste taldekideak ere jaitsi ziren ondoren, zer gertatu zen ikusteko. Hurbildu egin zitzaizkigun builaka, eta orduan jende gehiago jaitsi zen furgonetatik gauzak lasaitzeko. Gu lasai geunden, baina haiek oso aztoratuak zeuden, eta tentsio unea izan zen».

San Juaneko prestatzaileak badaki gutxi gorabehera zein motatako jendeak eraso zioen ontzia arrosari. «Haien artean bazegoen nirekin aritutako arraunlari bat, eta oso lokalizatua dago jende hori. Futbol munduko talde ultrekin harreman dutela diote, eta jendeak badaki zertan aritzen diren. Ez nau harritzen euskaldunak izateagatik eraso izanak. Oraingo honetan, arraun lehiaketa batean egin dute, eta, beren burbuila horretan, aprobetxatu dute ohiko eraso bat egiteko, eta, tristea bada ere, horrela jokatzen dute».

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal