lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 05/04/2024

Sei pertsona epaituko dituzte euskal preso politikoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Xabier Letona Biteri
Epailearen ustez, sei akusatuek preso ohiei ongi etorriak egiteko 120 ekitalditik gora antolatu zituzten 2016 eta 2020 artean, eta horrekin biktimak umiliatu eta terrorismoa goratzea leporatzen dizkie.

Manuel García Castellón epailearen ustez, sei akusatuek preso ohiei ongi etorriak egiteko 120 ekitalditik gora antolatu zituzten 2016 eta 2020 artean, eta horrekin biktimak umiliatzeko delitu jarraitua eta terrorismoa goratzea leporatzen dizkie.

Haimar Altuna, Antton López Ruiz, Oihana San Vicente eta Oihana Garmendia 2020ko urtarrilean atxilotu zituzten, eta Pipe San Epifanio eta Kai Saez de Egilaz 2021eko uztailean. Intxaurrondo eta La Salveko kuarteletara eraman zituzten eta ordu batzuetara karguekin libre utzi.

Auzia 2018an ireki zen Dignidad y Justicia biktimen elkarteak egindako salaketa baten harira eta, harrezkero, bira esanguratsuak izan ditu. Berez, García Castellón epaileak 2023ko urrian itxi zuen instrukzio fasea, eta iragan urtarrilean jada iragarri zen orain aipatu diren sei akusatuak epaituko zituztela.

Auziaren ika-mikak

Korapilo nagusia epaileak instrukzioa berriz irekitzetik etorri da. Dignidad y Justicia elkarteak eta PPk Guardia Zibilaren txosten berri bat aurkeztu zioten García Castellóni eta horrek instrukzioa berrireki zuen iragan urtarrilean. Txostenak Sorturen eta Sare Herritarraren Telegram sare sozialeko hainbat elkarrizketa biltzen zituen eta epaileak horiei buruzko informazioa eskatu nahi zion konpainia ezagunari.

Auzitegi Nazionaleko Carlos García-Berro fiskalak, ordea, instrukzioa berriro irekitzearen aurkako helegitea jarri zuen, eta salatu zuen akusazio partikularrak eta epaileak auzia luzatzeko zuten asmoa, “auzia inora eramanez edo eramatekoan Justiziaren helburu eta biktimen interesetatik urrun den lekura” eraman nahi zutela zioen.

Horrela, iragan martxoan, auzia daraman Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak arrazoia eman zion fiskalari eta itxitzat eman zuen instrukzioa. Salaren ustez, epaileak 2023ko azaroaren 3an bideratu zion auzitegiari Telegram konpainiari informazioa eskatzeko agindua, baina eskaera oinarritzen den Guardia Zibilaren txostena otsailekoa zen, eta horregatik, eskaera “guztiz garaiz kanpokoa” zen.

Tira-bira horien guztien ondoren, Hirugarren Zigor Salak aipatu Sortuko kideen aurkako ahozko saioari bide eman dio. Manuel García Castellón Kataluniako Tsunami Democratic auzia daraman epailea da.

Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei «ongi etorri» ekitaldiak antolatzeagatik (argia.eus)

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal