lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 21/06/2023

Solway, utzi ARGIA bakean: kazetaritza ez da delitua

Argia
Guatemalako kazetari bati ARGIAk egindako elkarrizketa bat ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko eskatu digu Solway Investment Group multinazionalak

Solway, utzi ARGIA bakean: kazetaritza ez da delitua

Guatemalako kazetari bati ARGIAk egindako elkarrizketa bat ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko eskatu digu Solway Investment Group multinazionalak. ARGIAk ez du horrelakorik egingo eta kazetaritza independentea aldarrikatzeko baliatuko dugu erasoa.

ARGIAk apiril amaieran elkarrizketa egin zion Guatemalako Paolina Albani kazetariari. Prensa Comunitaria hedabidean kolaboratzen du Albanik, eta Mugarik Gabe GKEak gonbidatuta etorri zen Euskal Herrira. ARGIArekin hitz egin zuen, besteak beste, esku artean duten ikerketa bati buruz: Mining Secrets. Nazioarteko 65 kazetari daude tartean; esaterako, Suitzako RTS irrati-telebista publikoko kazetariak, baita The Guardian, Le Monde eta El País egunkarietakoak ere.

Zortzi milioi dokumentuko filtrazio bat jasota, kazetariek ondorioztatu zuten Suitzan egoitza duen Solway meatzaritza multinazionalak Guatemalan dituen bi filialek egindako kutsadura-txostenak ezkutatu dituela, tartean, herrialdeko lakurik handiena den Izabalekoa. Horrez gain, ondorioztatu dute zonaldean bizi diren komunitateen biziraupen-laboreei su emateko planak zituela Solwayk, tokiko liderrak erosteko diru-funtsak zituela, Guatemalako Polizia Nazionalari dirua bidaltzen ziola... Hau da, Solway taldeak haren baliabide finantzario eta politikoak erabili dituela Guatemalan haren interesen aldeko erabakiak har ditzaten.

Paolina Albani kazetariak kasu hori agerian utzi zuen ARGIAko elkarrizketan, eta azpimarra jarri zuen Solwayk hedabideekin duen jokabidean: Guatemalako hedabide nagusiak erosiak dituela zioen, eta diskurtso ofizialetik ateratzen diren kazetariak jazartzen dituela. Horretarako ausardia izan dutenek kartzela zigorrak eta heriotza mehatxuak salatu dituzte. Informatzeagatik kriminalizatuta daude.

Orain, ARGIA ere jo-puntuan

Solway multinazionalak Espainiako Estatuan duen abokatu bulegotik ARGIAk mehatxutzat hartu duena eskatu egin digute: Paolina Albani kazetariari eginiko elkarrizketa ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko. Horiek egin ezean, kasua epaitegietara eramateko mehatxua egin digute.

Publikoki ondorengoa erantzun nahi diogu urtean milioiak irabazten dituen multinazional horri: ez dugu elkarrizketa ezabatuko. Ez diguzue esango nor elkarrizketatu ahal dugun eta nor ez. Ez dizuegu dirurik ordainduko, eta gainera, gaiaz informatzen jarraituko dugu. Kontrakoa lortu duzue.

ARGIA zigortzen badute, mundu zabalean ingurumenaren defentsan ari direnek eta hedabide guztiek galduko dute. Horregatik, ARGIAren komunitateko kideei, gure irakurleei, kazetaritzaren sektoreari eta injustizia ororen aurka ari den orori babesa eskatu nahi diegu, kazetaritzaren independentzia defendatzeko. Salaketa honi oihartzuna emateko eskatzen dugu, eta balio dezala banaka eta isilpean egiten dituzten mehatxuei elkarrekin eta ozen erantzuteko, horrela bakarrik lortuko dugulako gelditzea.

Azkenik, Guatemalako Prensa Comunitaria hedabideari eta Paolina Albani kazetariari ARGIAren elkartasuna adierazi nahi diegu. Baita lankideon babes eta besarkadarik gozoena bidali ere Guatemalan lurraren defentsan ari diren herrientzat eta jazarri dituzten kazetari guztientzat. Solway gugana heldu eta mehatxu egiteko gai izateak sinesgarritasuna ematen die hango kazetarien salaketei.

Beraz, ozen esango dugu: kazetaritza ez da delitua.

Ez gaituzue isilduko.

Utzi ARGIA bakean.

https://www.argia.eus/albistea/solway-multinazionalak-argiari-mehatxu-egin-diola-publikoki-salatu-dugu

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal