Sopelako 4en auzia amaitu da, joko aretoko jabearekin akordioa lortu ostean
Akordio horrek bertan behera utzi du epaiketa, eta ondorioz, lau herritarrei eskatzen zizkieten 32 urteko espetxe-zigorra eta 112.400 euroko isuna.
Sopelako 4ekin1 plataformak agerraldia egin du bost urte iraun duen prozesu judizialaren amaieraren berri emateko. Auzipetuek eta joko aretoko jabeak akordioa erdietsi dute, eta horrek esan gura du ez dela epaiketarik egingo. Mugimenduaren esanetan, akordioa hautatzea izan da biderik "koherenteena", epaiketa eginez gero lau herritarrak espetxeratuak izateko arrisku handia zegoelako.
Plataformako kideek atzo egin zuten agerraldian gogoratu zuten auzia duela bost urte hasi zela, "muntai polizial" baten ondorioz. Salatu dutenez, lau herritarrak modu "fraudulentoan" auzipetu zituzten, euren militantzia politikoagatik jazartzeko asmoz. Urte hauetan zehar, egoerak okerrera egin duela adierazi dute, hasierako ziurgabetasuna mehatxu erreal bihurtu baitzen: guztira 32 urteko kartzela-zigorra eta isun ekonomiko itzela eskatzen zieten.
Prozesuan zehar auzia birritan artxibatu bazuten ere, fiskaltzak aurrera jarraitzea erabaki zuen. Horren aurrean, plataformak "elkartasuna ehuntzeko" deia zabaldu zuen duela hilabete batzuk, eta jasotako babesa "sekulako arrakasta" izan dela azpimarratu dute.
Elkartasuna, borrokarako tresna
"Pozik egoteko eta ospatzeko arrazoi sobera ditugu", adierazi dute bozeramaileek. Taldearen arabera, "erantzun herritar zabal eta indartsuari" esker lortu da egoera bidegabe honekin amaitzea eta lau herritarrek Sopelan jarraitu ahal izatea. "Borrokak dena alda dezakeela" erakutsi duela uste dute, eta elkartasuna izan dela tresnarik indartsuena epaiketa saihesteko.
Amaitzeko, eskerrak eman dizkiete alboan izan dituzten milaka pertsonei, kartelak jarri dituztenei eta ekarpen ekonomikoak egin dituztenei. Era berean, iragarri dute jasotako laguntza ekonomikoaren zati bat antzeko egoerak bizi dituzten beste talde batzuei bideratuko dietela, zehazki Berangoko Elkartasun Komiteari eta Aroztegiko kideei.
Horrenbestez, Sopelako 4ekin1 plataforma gisa euren ibilbidea gaur amaitzen dela adierazi badute ere, aurrerantzean ere "borrokan jarraitzeko arrazoirik ez dela faltako" ohartarazi dute. "Etorkizuna borrokan!", amaitu dute komunikatu bidez.
Sopelako 4en auzia amaitu da, joko aretoko jabeagaz akordioa lortu ostean - Sopela - Hiruka.eus







