lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 23/07/2026

Subflubiala EZ! plataformak 7.000 euroko isunak salatu ditu

Laura Fontalba Colomo
Duela ia urtebeteko protesta batengatik, 3.000€-ko isuna jarri diete, eta zigor horri beste militante batzuei orain dela hilabete gutxi jarritako isunen zenbatekoa gehitu behar zaio.

Plataformak adierazi duenez, duela ia urtebeteko protesta batengatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Zuzendaritzak 3.000 euroko isuna jarri die, guztira, lau pertsonari; eta, zigor horri, orain dela hilabete gutxi, beste militante batzuei egoitza barruan pankarta bat zabaltzeagatik jarritako isunen zenbatekoa gehitu behar zaio.

Salatu dutenez, 7.000 euroko isunak jartzea autobide berri bat eraikitzearen aurkako jarrera isilarazteko ahalegina da. Izan ere, azken urteotan, plataformaren helburua itsasadar azpiko autobidearen proiektua geldiaraztea izan da, haren eragin ekologikoak eta kostu sozialak salatuz. Hori dela eta, euren arabera, denborak aurrera egin ahala protestak eten ez direnez, ekonomikoki ito nahi dituztela adierazi dute.

Gaineratu dutenez, 2025eko uztaileko protesta "baketsuetan", Foru Jauregiaren barruan pankarta zabaltzeagatik, lau pertsonari 3.000 euroko isuna jarri zieten guztira; ekainaren 29an, berriz, zazpi laguni 602 euroko isuna jartzea aurreikusi diete, guztira 4.200 euro inguru. "Inposatutako proiektua da. Ez da kontsultarik egin, ez da herritarren parte-hartzerik egon. Orain, oposizioaren edozein arrasto ere ito nahi dute", adierazi dute plataformatik.

Hala ere, isunek ez dute plataformaren helburua geldiarazi, eta euren salaketan finko mantendu dira. Subflubiala EZ! plataformak berriz salatu ditu ibaipekoak krisi klimatikoan izango duen eragina, Artaza-Romoko institutuan eta inguruko ikastetxeetan eragingo dituen inpaktuak, baita Artaza parkean eta arrain hiruarantzaduna bizi den Ballonti ibaiaren inguruan eragingo lukeen suntsipena ere.

https://hiruka.eus/getxo/1784792201768-Subflubiala-ez-plataformak-7000-euroko-isunak-jsalatu-ditu

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal