lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 13/02/2024

Torturaren aurkako egunaren harira, ASKE Antolakundearen irakurketa

ASKE
Tortura urteetan zehar Euskal Herriko askapen mugimenduaren kontra estatuek baliatu izan duten tresna da.

TORTURAREN AURKAKO EGUNA

Tortura urteetan zehar Euskal Herriko askapen mugimenduaren kontra estatuek baliatu izan duten tresna da. Hori dela eta, milaka izan dira etsaiaren eskuetan tortura latzak pairatu izan dituztenak, torturaz ari garenean pertsona bati funtzionario publikoen partetik eragiten zaion izaera fisiko zein psikologikoko sufrimendu latzaz ari baikara. Euskal Herria azpiratuta mantentzen duten frantziar eta batez ere espainiar estatuan, disidentzia politikoaren aurka erabat sistematizatuta eta instituzionalizatuta dagoen praktika, alegia. Izan ere, estatuek baliatutako torturaren helburua argia da: estatuaren zapalkuntzari aurre egiten dion herria langilea zigortzea, honengan beldurra hedatzea eta disidentzia politikoa kontrolatu eta neutralizatzea. Era horretan, estatuak arma politiko gisa baliatzen du tortura.

Hala ere, egun tortura kasuak ez salatzeak edota honek oihartzun mediatikorik ez edukitzeak ez du esan nahi hau desagertu denik, tortura estatu instrumentu gisa honek langileriaren aurka darabilen egiturazko jazarpenaren parte baita. Torturaren praktika beharrean, hau aurrera eramateko metodologia izan da bilakaera bat izan duena. Horrela, kolpeek tortura psikologiko eta zuriari bide eman diote. Ikusgarriak ziren zauri eta markek, hain antzemangarriak edo ezkutatzeko errazagoak suertatzen diren orbainei eman diete bide. Era horretan, torturak pairatzen dutenengan arrasto eta ondorio sakonagoak eragiten dituzten metodo psikologikoek hartu dute lekukoa. Gauzak horrela, estatuek, torturaren praktika zokoratu ordez, sekulako inbertsioak egin dituzte honen eraginkortasuna eta arrastoa murriztera bideratutako teknikak garatze aldera.

Hala ere, estatuek torturaren erabilera sistematikoa inoiz onartuko ez badute ere, berau osatzen duten instituzioek beste alde batera begiratuta isilik edota zuzenean errealitate hori ezkutatzen jarraitzen badute ere, Euskal Herri Langilearen aurkako jazarpenak bere horretan dirauen bitartean, ziegetako hormetatik haratago doazen oihu isilek agerian utziko dute beti tortura egon badagoela.

ASKE

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal