lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 13/04/2026

Trebiñun euskararen irakaskuntza bermatzeko neurriak exijitu dituzte

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute
Hainbat herritarrek salatu dute arriskuan dagoela Trebiñuko haur eskolan euskarazko lerroa, orain arte udalaren menpe zegoen eskola Gaztela eta Leongo Hezkuntza sailaren eskumena izatera igaro baita.

Trebiñuko herritarren talde batek eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak prentsaurrekoa eskaini dute astelehen arratsaldean Argantzonen, lurraldean euskara ikasteko eskubidea galdegiteko. Gaztela eta Leongo administrazioari gogoratu dio Gaubekak lurraldean euskara ofiziala ez den arren, Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren printzipioak bete behar dituela eta euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzeko neurriak hartzeko betebeharra dutela.

June Astegietak hitz egin du Trebiñuko familien eta herritarren izenean, eta gogoratu du arriskuan dagoela Trebiñuko haur eskolan euskarazko lerroa, orain arte udalaren menpe zegoen eskola Gaztela eta Leongo Hezkuntza sailaren eskumena izatera igaro baita. "Ikastetxe publikoan ez dago euskaraz ikasteko aukerarik, eta berriki Trebiñuko haur eskolaren eskumenak Gaztela eta Leongo Hezkuntza departamentura pasa dira". Printzipioz lerroa mantentzen den arren, familiek ez dakite etorkizunean nola eragin diezaiokeen erabakiak euskararen irakaskuntzari.

Astegietak azpimarratu du, halaber, egun euskarazko ereduan ikasteko dagoen ikastola bakarra ezin izan dela Trebiñun errotu, eta "Araba ofizialean" ere kokatu behar izan dela baldintzak ez direlako ematen proiektua aurrera eramateko.

Europako gutuna

Bestalde, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak azpimarratu du Gaztela eta Leongo administrazioetatik ez dela euskararen irakaskuntza bultzatzeko eta euskarazko ekimenak sustatzeko inongo neurririk hartzen. "Gaurkoan gogorazi nahi dugu Espainiako Gobernuak sinatua eta berretsia duela Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, eta, beraz, horrekiko hartutako konpromisoak Gaztela eta Leongo administrazioek ere bete behar lituzketela".

Ildo horretatik, Gaubekak gogoratu du Europako Kontseiluak Espainiako Gobernuari eskatu diola argitu dezala Gaztela eta Leongo erkidegoan euskararen egoera, eta halaber euskararen irakaskuntza sustatzeko plan bat landu dezala.

Behatokiak bere aldetik lau eskaera zehaztu ditu Trebiñuk Gaztela eta Leongo administrazioaren menpe dagoen bitartean:

Hizkuntzen Europako Gutunean jasotakoei jarraiki, euskarari dagozkion konpromisoak hartzea.Trebiñuko Konderrian euskara sustatzeko ekimenak bultzatzea eta finantzatzea.Gaztela eta Leongo Hezkuntza Departamentuaren gestiopean geratu den Trebiñuko haur eskolan behar diren zerbitzu eta baliabide pertsonal zein material guztiak euskaraz behar bezala bermatzea.Euskarazko irakaskuntza aurrera eramateko oztopoak ezabatzea, eta helduen euskalduntzea bultzatzen duten ekimen eta ikastaroak bultzatzea eta laguntzea.

Eskaera horiek Espainiako Gobernuko Kultura eta Hezkuntza ministerioekin partekatuko ditu behatokiak eta laster osatuko den Gaztela eta Leongo gobernuarekin.

Trebiñun euskararen irakaskuntza bermatzeko neurriak exijitu dituzte - Trebiñu - Alea.eus

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal