UPNk mehatxu egin dio Athletic Clubari

UPNk ez du nahi Espainiako futbol federazioak onartzea Athleticek datorren denboraldian erabiliko duen elastiko ofiziala. Euskal Herriko mapa ageri da elastiko horretan, eta horrek haserre handia sortu du UPNn. Alderdi eskuindarreko buruzagiak gutunak bidali dizkie Athleticeko presidente Jon Uriarteri, Espainiako federazioari eta Maria Chivite Nafarroako presidenteari ere. UPNren arabera, zuri-gorrien erabakia “iraingarria” da eta “errespetu falta” erakusten du.
UPNko buruak salatu du Athleticek zera azaldu duela elastiko berriari buruz: Euskal Herriko lurraldeak ordezkatzen dituztela elastikoak dituen zazpi marra bertikalek; “nortasun komuna” aipatu dute, gainera, eta nortasun hori “Euskal Herriko mapan eta ikurrinean islatzen” dela.
Ibarrolaren iritziz, mapa eta ikurrina horiek izaera politiko, identitario eta instituzional “eztabaidagarria” dute, eta “Nafarroako Foru Erkidegoa bere egungo errealitatetik kanpo dagoen lurralde ikuspegi” batean kokatzen dute. Haren esanetan, IFAB Nazioarteko Futbol Elkarteen Batzordeak ezartzen du jokalarien jantziek ez dutela izan behar “izaera politikoa, erlijiosoa edo pertsonala duten irudi edo mezurik”, eta Athleticen elastikoak ez duela baldintza hori betetzen adierazi du.
Ibarrolak Espainiako futbol federazioari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Athleticek 2026-2027 denboraldian elastiko hori ez erabiltzeko Espainiako txapelketetan. Era berean, Chivite presidenteari ere eskatu dio dagozkion urratsak emateko, “nazio eta nazioarte mailan oihartzuna duen Athletic bezalako klub batek Nafarroako Foru Erkidegoaren errealitate politikoa, administratiboa eta instituzionala errespetatu dezan”.
Gainera, mehatxu zuzena egin du: Espainiako futbol federazioak UPNren eskaera kontuan hartzen ez badu, auzitara joko du Athleticen elastiko berriaren aurka. Maria Txibiteri ere beste eskaera bat luzatu dio: “lege mailan dagozkion ekintzak abiatzea, Athleticek Nafarroako errealitate politikoa, administratiboa, juridikoa eta instituzionala errespeta ditzan”. Ibarrolaren ustez, Athleticen elastikoan Euskal Herriko mapa agertzea “eraso bat da Nafarroako gehiengoarentzat”.
Nafarroako Gobernuak, ordea, dagoeneko erantzun du ez duela Athleticen aurkako neurririk hartuko. Javier Remirez lehendakariordeak adierazi du elastikoan azaltzen den Euskal Herriko mapak ez dituela Nafarroako sinboloak modu desegokian erabiltzen. Gainera, gogorarazi du babes juridikoa Lorafnak araututako sinbolo ofizialek dutela, eta gobernuak ez duela zertan jardun “ofizialak ez diren sinboloen aurka”.
Euskal Herriaren eta bere ikurren aurkako erasoak UPNren aldetik
Ez litzateke lehen aldia UPNk Euskal Herria eta bere ikurrak auzitegira eramaten dituela. 2014ko abenduan, botoak batu zituzten UPNk, PSNk eta PPk, eta ‘Euskal Herria' marka duten seinaleak kentzeko exijitu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari. Bestalde, 2024ko martxoaren 5ean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko (TSJN) Administrazioarekiko Auzietako epaimahaiak Atarrabiako udal pilotalekuan margotutako Euskal Herriko armarria ezabatzeko agindu zuen. Hori dela eta, Atarrabiako pilotalekuan Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Zuberoa eta Lapurdiko armarriak ezabatu zituen udalak, Nafarroakoa utzi zuen, eta gainontzeko espazioak hutsak utzi zituen. Armarriaren azpian “Euskal Herria” ezabatu eta “euskal pilota” jarri zuten. UPNk jarri zuen salaketa armarria jarri eta 10 urtera.







