Urriaren 12ko auziperatuentzako absoluzioa eskatuko dute elkarretaratze batean

Urtarrilaren 20an hasiko dira auziperatuen lehen deklarazioak. Egun horretan bertan elkarretaratzea egingo dute auziperatuen absoluzioa eskatzeko, eta "antifaxisten aldeko elkartasuna" adierazteko.
Urriaren 12an Falange Española de las JONS alderdi faxistak agerraldia egin zuen Gasteizen, Hispanitatearen eguna baliatuz, eta ehunka antifaxistak hartu zituzten hiriburuko kaleak, protestan. Falangistekin eta Ertzaintzarekin izandako istiluetan hainbat zauritu eta atxilotu izan ziren, eta orduan abiatutako prozesu judizialen lehen pausoak izango dira datozen asteetan. Hemeretzi pertsona atxilotu zituen Poliziak, eta urtarrilaren 20an hasiko dira epaitegian deklarazioa ematen lehen auziperatuak.
Antifaxistei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea antolatu du U12 Auziperatuak plataformak, egun horretan bertan. Andre Maria Zuriaren plazan elkartuko dira, urtarrilaren 20an, 19:00etan. Auziperatuen absoluzioa eta kasuaren itxiera exijituko dituzte bertan, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete, "antifaxisten aldeko elkartasuna" erakusteko.
Deitzaileek gogorarazi dute Falangea "aldarri faxista eta espainolistak zabaltzeko asmoz" etorri zela, eta egunak utzitako ondorioak ere nabarmendu dituzte. Hemeretzi pertsona atxilotu, hamarnaka zauritu eta ikertuak, eta "faxistak inpunitate osoz gure kaleetan".







