Venezuelaren kontrako eraso inperialistari ez!

VENEZUELAREN KONTRAKO ERASO INPERIALISTARI EZ!
Venezuelaren kontrako eraso inperialistari ez!
2026ko urtarrilaren 3an
Gaur goizaldean, haien agenda inperialistarekin jarraituz, Amerikako Estatu Batuek Venezuela bonbardatu dute. Bonbardaketa horretan, Caracas hiriburuko hainbat gune militar suntsitu dituzte eta Nicolas Maduro Venezuelako presidentea bahitu dute. Eraso honen bidez, Amerikako Estatu Batuek eta bere aliatuek azken hilabeteotako Venezuelaren aurkako oldarraldia biribildu nahi izan dute, Venezuelako gobernua deuseztatuta eta prozesu bolivartarra suntsituta. Era horretan, AEBek, NATOren eta gainerako aliatuen konplizitatearekin, Latinoamerikaren gaineko kontrola areagotu nahi izan dute, haien egoera geopolitikoa indartu eta gailentasun posizioan mantentzeko asmoz, bertako nazioak azpiratuta jarraitzera kondenatuz.
Nolanahi ere, venezuelar herri langileak behin eta berriz erakutsi du iraultza bolivartarra bukaeraraino eramateko prest dagoela; eta ez eraso ideologikoek, ez zehapen eokonomikoek, ez bonbardaketek, ez inbasioek ez dutela suntsituko iraultza bolivartarra defendatzeko, antolakuntza-eredu komunala eraikitzeko eta sozialismoa defendatzeko borondatea. Orain arte egin bezala, Venezuelak irmoki erantzungo die eraso inperialista guztiei, eta funtsezkoa da jardun horretan gure babesa eta sostengua izatea. Izan ere, eraso anker honek argi eta garbi erakusten du sistema inperialistaren ustezko arauak ez direla arau unibertsalak, herrialde inperialistek haien desiren arabera moldatu eta nahieran balia ditzaketen iruzurrak baizik. Herrien subiranotasuna eta burujabetza ez direla printzipio ukiezinak, estatu inperialisten interesen arabera deusezta daitezkeen fikzioak baizik. Sistema kapitalistaren nazioarteko artikulazioa ez dela elkarlanerako tresna, mundu osoan zehar klase menperatzailearen irabaziak eta gailentasuna bermatzeko baliabidea baizik.
Horrek guztiak argi erakusten digu ez dagoela sistema kapitalistaren instituzio propioetan herri langileen askapenerako baldintzarik sortzerik. Aitzitik, instituzio horiek klase menderatzailearen gailentasuna bermatzeko berariaz eraikiak izan direnez, zapalkuntzan sakontzeko baino ez dute balio. Premiazkoa da, beraz, unean une eta tokian toki, herri langileok alternatiba iraultzaile propioak eraikitzea eta langileon eta nazio zapalduon askapenaren aldeko tresna politiko integralak sortzea. Prozesu horretan, mundu osoko alternatiba iraultzaileon arteko elkartasun internazionalista ezinbesteko osagaia da, baita Venezuelakoa bezalako prozesu iraultzaileen babesa eta defentsa ere. Horregatik guztiagatik, JARDUN Koordinadoratik irmoki salatzen dugu Venezuelaren aurkako eraso inperialista eta gure elkartasun internazionalista eta babes iraultzaile guztia eskaintzen diogu Venezuelako herri langileari.
¡Independencia o Nada!
¡Comuna o Nada!
Borroka da bide bakarra!
![]()







