lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 15/07/2026

“Zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri aske eta sozialista bat” aldarrikatu du U14k

La Haine - Euskal Herria
Frantziako Estatuaren “izaera zapaltzailea” salatzeko 350 pertsona baino gehiago batu dira Ezpeletan .

Uztailaren 14a, Frantziako nazioaren eguna, aurten ere borrokarako eguna izan da. Ezpeleta eta inguruko herriak zorrotz zainduta egon ziren atzo: auto-kontrolak, droneak zeruan, eta CRS zein Jendarme ugari bertaratu ziren. Hala ere, U14 kolektiboak deituta, 350 lagunek protesta egin zuten “Asimilazioa borrokatu” lelopean, Frantziako Estatuaren "izaera zapaltzailea" salatzeko.

Ezpeletako merkatuan zuten hitzordua arratsaldean U14 kolektiboko kideek. Handik errepide nagusira jo zuten lehenik, eta ondoren herriko karriketan barrena ibili ziren. Haien atzetik hamar bat polizia-furgoneta eta istiluen aurkako jantziekin zeuden dozenaka polizia joan ziren. Terrazetan turista ugari zegoen, eta haien artetik manifestariek oihukatzen zuten: "Hau ez da Frantzia, Euskal Herria da".

U14ko kideek adierazi zuten frantziar nazioa "beste nazioen ukazioan eta zapalkuntzan" oinarritzen dela, eta zapaldutako nazio horiek aipatu zituzten: bretainiarra, korsikarra, katalana, alsaziarra eta euskalduna. Kolektiboak azpimarratu zuen horrek ondorio larriak dituela: "Gure hizkuntzari etengabe erasotzen diote, herri txikiak hustuz doaz, kontsumismoa eta prekarietatea gero eta handiagoak dira, eta eskuin muturra alternatiba gisa indartzen ari da".

Hasierako mobilizazioak Donibane Lohizunen egin bazituzten ere, iaz Ezpeletara aldatu ziren, eta aurten ere bertan egin zuten mobilizazioa. U14ko kideek azaldu zuten ez dela kasualitate hutsa; izan ere, lehen kostaldeko hiriei nagusiki eragiten zieten arazoak barnealdera ere hedatzen ari direla nabarmendu zuten: masa-turismoa, bigarren etxebizitzak, kulturaren merkantilizazioa, kontrol sozialerako kamerak... Gogorarazi dute 'independentzia' eta 'sozialismoa' "hitz handiak" lehen lerroan jartzen dituzten arren, aldarri horien atzean eguneroko arazo horien aurkako borroka dagoela.

Hitzaldian adierazi zuten "frantziar inperioa" dutela jomugan, eta Euskal Herriaren askapena lortu arte bide horretan jarraitzeko asmoa dutela. Amaitzeko, herritarrak mobilizatzera deitu zituzten, eta dei egin zioten euskal gazteriari “militantziara jauzi” egin dezaten.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal