lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 17/06/2024

Zergatik jarraitzen dute oraindik hemen? Fan hemendik!

Fan Hemendik!
Ez ditugulako nahi eta ez ditugulako behar, ekainaren 22an denok Oñatira!

Espainia eta Frantziako indar armatu eta polizialen presentzia Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntzaren adierazgarri nagusienetako bat da. Urte luzez gure lurretan nagusitasunez eta zigorgabetasunez modu bortitzean jardun dute eta oraindik ere beraien papera estatuen batasuna eta asimilazio prozesua bermatzea da. Horregatik dira indar okupatzaileak, berain presentzia Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ez dezan baitaude hemen.

Jakinekoa da dagoeneko errepresioa eta zapalkuntza izan direla beraien jardun nagusiak azken hamarkadetan: hainbat aldiz salatu izan diren hilketak, torturak, mehatxuak, jarraipenak, kolaborazio eskaerak, errepidetako kontrol bortitzak eta giza eskubideen urraketa larriak. Esan beharrik ez dago estatuen babesa eta zilegitasuna bermatuak izan dituztela uneoro.

Konfrontazio armatuaren garaian paper protagonista jokatu zuten, eta gaur egun oraindik, ikusgarritasuna jaitsi bada ere, bertan jarraitzen dute. Ziklo haren bukaerak, baina, ez du beraien presentzian aldaketa nabarmenik ekarri, ez eta joateko intentziorik agertu ere. Zergatik jarraitzen dute, bada, oraindik hemen? Badakite, ondo jakin ere, beraien irteera gatazkaren balizko konponbiderako urrats handia dela.

Beraien presentziak ez dauka errepresioa eta estatuen batasuna indarrez bermatzea ez den beste justifikaziorik. Euskal Herriak jarraitzen du Europa osoko lurralde militarizatuena eta biztanleko indar armatu gehien dituena izaten, nahiz eta konfrontazio armatua iraganeko kontua den.

Oñatiren kasuan ere, batzuetan ahaztu zaigula dirudien arren, Guardia Zibilaren kuartel aktibo bat dugu herriaren erdian. Herriko historia ilunaren parte izan da Guardia Zibila, eta hainbat eta hainbat errepresio kasuren eragile nabarmena, beste indar errepresiboak ahaztu ezin ditugun arren. Besteak beste, ekainaren 25ean 34 urte beteko dira Susana Arregi torturatu eta hil zutela, eta ezin ahaztu Oñatiarrek jasandako 70 tortura kasu baino gehiago, errepide kontrol bortitzak, atxiloketak eta eragindako tentsio eta sufrimendua.

Indar okupatzaileen presentziaren aurrean Fan Hemendik mugimendua martxan izan da Oñatin hainbat urteetan zehar. Manifestazioak, kanpaina ezberdinak, sinadura bilketa, bazkari herrikoiak, kontzertuak eta gehiago antolatu izan dira, ehundaka herritarren babesarekin eta helburu garbi batekin: Indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dute! Herri honek bakean bizi nahi du, indar okupatzaileen presentziarik gabe.

Geldialdi baten ostean, beste urte batez, aldarrikapen hauek herriko kalera aterako ditugu, ahaztu ez dezaten, ez ditugula herrian nahi. Kuartelik gabeko herria izan nahi dugu. Horretarako, herritar guztien parte hartzea ezinbestekoa izango da ekainean zehar burutuko diren ekintza desberdinetan eta kaleak beteko dituen manifestazioan.

Ez ditugulako nahi eta ez ditugulako behar, ekainaren 22an denok Oñatira!

Fan Hemendik! Utzi bakean Euskal Herria!

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal