lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 23/02/2026

16 auzipetu epaituko dituzte ekainean, Ibai Aginagaren ongi etorrian parte hartu izanagatik

La Haine - Euskal Herria
Osotara, 36 urte baino gehiagoko espetxe zigorra, 171 urteko inhabilitazioa eta ia 79.000 euroko isuna eskatzen dizkiete.

Ibai Aginaga preso ohiari 2022an harrera egitea egotzita auzipetutako 16 lagunei 36 urteko espetxe zigorra, 171 urteko inhabilitazio zigorra eta ia 79.000 euroko isuna eskatzen die Espainiako Auzitegi Nazionalak. Autoaren arabera, ekimen horretan "terrorismoa goratu" zela uste du epaileak.

Aginaga, hogei urte inguru preso egon ostean, 2022ko martxoan atera zen Basauriko (Bizkaia) kartzelatik, eta ongietorria egin zioten Berangoko frontoian. Voxek, Villacisneros fundazioak eta Dignidad y Justicia taldeak salaketa aurkeztu zuten ekitaldiaren harira, eta, horri erantzunez, ikerketa bat abiatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Kandaru kultur elkarteko hiru kide inputatu zituzten lehenik, “terrorismoa goratzeagatik”: ekitaldiaren antolaketan parte hartu izana egotzi zien Ismael Moreno magistratuak. Hilabete batzuk geroago deitu zituzten deklaratzera beste hamabost lagun.

“Ongi Etorri”-en kriminalizazioa

Hainbat pertsona epaitu dituzte Ongi Etorriak antolatzeagatik edo bertan parte hartzeagatik. Adibidez, 2023ko maiatzaren 23an, La Haineko kazetari bat deklaratzera deitu zuten Espainiako Audientzia Nazionalean, “terrorismoa goratzea” leporatuta. 2021eko abenduan Iñaki Etxeberriari, euskal preso politiko ohiari, espetxean 25 urte igaro ostean Iruñeko Alde Zaharrean egindako ongi etorriko irudi batzuk publikatzearen ondorioz iritsi zen zitazioa. Handik urte batzuetara epaiketa iritsi zen eta absolbitu egin zuten.

Hala ere, aurrekari bat ezarri duen epaiketa iazko ekainean izan zen. Garai hartan, Ezker Abertzaleko sei kideri bi urteko kartzela-zigorra ezarri zizkieten, 120 "Ongi Etorri" antolatzea egotzita. Auzipetuek Espainiako Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzarekin eta akusazioarekin (PP, Dignidad y Justicia eta AVT) akordioa erdietsi zuten eta antolatu zituzten ekitaldiekin "biktimak umiliatu" eta horiei "kalte psikologikoa" eragin zietela aitortu zuten. Akordio horren ondorioz, lehen aldiz militante batzuk "ongi etorriak” antolatzeagatik kondenatuak izan ziren, orain arte salaketa horren pean epaitutako pertsona guztiak absolbituak izan direnean.

Akordio hori dela eta, erreakzioak berehala iritsi ziren, eta ASKE antolakunde antirrepresiboak komunikatu bat igorri zuen, "ongi etorrien" kriminalizazioa eta akordio horrek eragingo duen aurrekaria salatuz. Hilabete bat beranduago, uztailean, 12 euskal preso politiko eta 122 preso ohien izenean hartu zuten hitza Arrasaten egindako prentsaurreko batean. Besteak beste, Ongi Etorrien aferaren inguruan erdietsitako azken akordioak "borreroen egia geure egin, eta jazarpenean tematuta daudenen ateak parez pare ireki nahiz honetan murgiltzeko baldintzak erraztu dizkiela” esan zuten, "bai maila juridikoan, bai ideologikoan zein diskurtsiboan”.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal