Gero eta euskal preso politiko eta preso ohi gehiago Ongi Etorrien kriminalizazioa salatzen ari dira

Ekainean, Ezker Abertzaleko sei kideri bi urteko kartzela-zigorra ezarri zizkieten, 120 "Ongi Etorri" antolatzea egotzita. Auzipetuek Espainiako Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzarekin eta akusazioarekin (PP, Dignidad y Justicia eta AVT) akordioa erdietsi zuten eta antolatu zituzten ekitaldiekin "biktimak umiliatu" eta horiei "kalte psikologikoa" eragin zietela aitortu zuten. Akordio horren ondorioz, lehen aldiz militante batzuk "ongi etorriak” antolatzeagatik kondenatuak izan dira, orain arte salaketa horren pean epaitutako pertsona guztiak absolbituak izan direnean.
Akordio hori dela eta, erreakzioak berehala iritsi ziren, eta ASKE antolakunde antirrepresiboak komunikatu bat igorri zuen, "ongi etorrien" kriminalizazioa eta akordio horrek eragingo duen aurrekaria salatuz.(esteka sartu) Hilabete bat beranduago, uztailean, 11 euskal preso politiko eta 100 preso ohien izenean hartu zuten hitza Arrasaten egindako prentsaurreko batean. Preso sinatzaileek salatu zutenez, nabariak izaten ari dira "askapenaren bidean", hau da, "Euskal Herri independente eta sozialista baten eraikuntzari begira ematen ari diren atzerapausoak". Haien ustez, ez dira berriak frantziar eta espainiar estatuek "euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen elkartasuna errotik mozteko sustatzen duten kriminalizazioa zein aurrera daramatzaten debekuak". Hala ere, azken urteetan estatuek emandako pausoak ezin direla neurri juridiko hutsal gisa ulertu adierazi zuten, "estatuok Euskal Herriak bere askapen prozesuan zapalkuntzari aurre eginez eramandako askapen borrokaren zilegitasuna ukatzen jarraitzeko pausoak baitira”. Dokumentua izenpetzen duten preso politiko eta preso ohien hitzetan, "zapaldutako herri baten askatasun egarria ito" eta "izaera kriminaleko" aldarrikapen gisa kokatu nahi dute eta horrek "Euskal Herriaren azpirazioa betikotzea" helburutzat izango luketela adierazi dute.
Era horretan, Ongi Etorrien aferaren inguruan erdietsitako azken akordioak "borreroen egia geure egin, eta jazarpenean tematuta daudenen ateak parez pare ireki nahiz honetan murgiltzeko baldintzak erraztu dizkiela” esan zuten, "bai maila juridikoan, bai ideologikoan zein diskurtsiboan". Segidan, etorkizuneko Euskal Herriaren aldeko borrokaren zilegitasuna auzitan jarri zela azaldu zuten: "Euskal Herriaren bakearen bidean egindako akordiotzat saldu duten horrek Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokaren kriminalizazioa eta etsaiaren egiaren inposizioa suposatzen du. Hain zuzen ere, gu bezala Euskal Herriarengandik elkartasuna jaso dugun milaka eta milaka militante politikoren borrokaren zuzentasuna auzitan jartzen duena".
Horrenbestez, "kezkaz eta larritasunez" bizi dutela "bakearen izenean" ematen ari diren ustezko pausoak frantziar zein espainiar estatuen jazarpena elikatzen egotea eta askapen borrokak dirauen bitartean, estatuen "jazarpena eta honetatik eratorritako ondorio errepresiboen areagotzea" emango dela azaldu zuten. Bukatzeko, euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen sostengu eta elkartasunaren aurkako kriminalizazioari begira emandako aurrerapausoa salatu, eta euren militantzia politikoaren ondorioz jazarritakoekiko elkartasuna indartu eta Euskal Herriaren askapen borrokan murgiltzeko deia luzatu zuten.
Prentsaurrekoa eta gero, hainbat preso politiko eta preso ohiek Arrasaten egindako adierazpenera atxikitzeko asmoa azaldu zuten. Horregatik, ASKE antolakundeak helbide bat zabaldu zuen agiriari bere atxikimendua eman nahi zionarentzat. Horrela, sinadura gehiago lortu egin dira eta hona hemen zerrenda eguneratua: