Bost ekintzailek Labrazako eolikoen lanak geldiarazi dituzte, eta lau atxilotu ditu Ertzaintzak

Labrazan Aixeindar enpresa eraikitzen ari den zortzi haize errotako zentral eolikoaren lanak eten dituzte bost ekintzailek ostiral goizean. Hirugarren aerosorgailuaren plataformara kateatu dira 10:30ak aldera, desobedientzia baketsu ekintza batean. Langileek lan eremua utzi dute, eta Ertzaintza 11:10ean iritsi da. Artazi bereziekin askatu dituzte, eta lau ekintzaile atxilotu dituzte, identifikatzeari uko egiteagatik.
Ekintzaileek salatu dute "makrozentralak ingurune natural aberatsa suntsitzen" duela eta Labraza bezalako herri txiki bati "inposaketa ankerrak" eragiten dizkiola. Halaber, kritikatu dute Iberdrola eta Eusko Jaurlaritza "kapitalismo berdearen izenean mendi eta lur komunalak pribatizatzen" ari direla. Euskal Herria Bizirik mugimenduak elkarretaratzeak deitu ditu atxiloketak salatzeko.
Labrazako parke eolikoak 200 metroko zortzi haize errota izango ditu, guztira 40 MW sortzeko. Aixeindar elkarte publiko-pribatua (Iberdrola %60, EEE %40) ari da proiektua garatzen, eta 59 milioi euroko inbertsioa du. Aurreikuspenen arabera, urtean 99.679 MWh ekoitziko ditu, eta horrek 30.000 etxe inguru hornitzeko adina energia emango luke. Energia Nafarroako Aguilar Codeseko Las Llanas azpiestaziora eramango da lurpeko hodien bidez.
Eragile ekologistek ohartarazi dute proiektuak igarobide ekologiko nagusi bati eragingo diola, eta arriskuan jar dezakeela EAEko alepo pinudi natural bakarra, balio ekologiko handikoa.
Makrozentralaren aurkako auzia epaitegietan dago oraindik. Labrazako Administrazio Batzarrak eta Errioxako Jatorri Deitura Kualifikatuko kideek errekurtsoa aurkeztu zuten, salatuz proiektua onartu zela jendaurrean jarri gabe eta ingurumen azterketa estrategikorik gabe. Hala ere, Oiongo Udalak 2025ean behartuta onartu zuen Plan Berezia, alkateak azaldu zuenez, Eusko Jaurlaritzaren txosten guztiak aldekoak zirelako.
Labrazako Administrazio Batzarrak gogorarazi du auziak herriko autogestioarekin eta burujabetzarekin duela lotura, eta salatu du Oiongo Udalak 2022an alde bakarrez hautsi zuela 1983tik indarrean zegoen hitzarmena, zentral eolikoaren etekinak bereganatzeko.
https://alea.eus/errioxa/1778849571138-ekintzaileek-labraza-geldiarazi







