Poliziak Gasteizen erakutsitako jarrera salatzeko manifestazioa egin dute
Errepresioa, inpunitatea edo arrazakeria ez normalizatzera deitu du Gasteizko Gaztetxeak, eta manifestazioa iragarri du ekainaren 19rako.
“Kutxin bizitako gertaerak larriak eta bart Errekaleorren izandako eraso poliziala saltzeko” manifestatu dira, amaierako ekitaldian azaldu dutenez. Hain zuzen ere, Aiztogile kalea zeharkatu dute dozenaka lagunek mobilizazioan.
Larunbat goizaldean Aiztogile kalean gertatua gogoratu dute: “Bi gazteren arteko borrokatik abiatuta, guztiz modu desproportzionatuan, kaleko jantzitako polizia batek pistola atera zuen Kutxin. Hori gutxi ez, eta zipaioak bertan zeudenen aurka oldartu ziren, kotxearekin harrapatzen saiatu, jendea bultzatu eta meatxatuta”. Horrelako gertaeren aurrean erantzutera deitu dute. “Armatu gabe dagoen gazte baten aurka pistola ateratzea normalizatzen uzten badugu, zer gerta daiteke hurrengoetan? Beharrezkoa da hasiera hasieratik abusu polizial hauen aurrean erantzun kolektiboak ematea”.

Testuinguru orokorrago batean kokatu du gaztetxeak Aiztogile kaleko esku hartzea; udaltzain eta ertzainen presentzia “itogarria” eta jarrera “oldarkorra” auzoan; kontrol sozialerako mekanismoen “gogortzea” udal zein estatu mailan, nazioartean gerraren sakontzea eta soldadutzaren berrezarpena... “Geroz eta zailagoa da kalean politika egitea, kalean antolatzea, edo kalean egotea, besterik gabe”.
Testuinguru horren barnean kokatu ditu Gasteizko Gaztetxeak Errekaleorreko gertaerak ere. “Ez da lehen aldia izan, baina bai egon den saiakera bortitzena”. Besteak beste Polizia, Vox eta Vocento taldea egin dituzte erantzule, eta salatu dute haien helburua dela errelato “faltsu” bat eraikita “okupazioaren aurkako ofentsiban” sakontzea.

Manifestazioa ekainaren 19an
“Segurtasunaren diskurtso “faltsua” salatu dute mobilizazioan. “Jarrera arrazista eta klasistak zabaltzen ari dira. Ezin diegu arnasa hartzen utzi etorkinak nahieran erabiltzen dituzten diskurtso erreakzionarioei, horien aitzakiapean gorrotoa zabaldu eta eskubideak murrizteko”.
Gaztetxeak dei egin du aste honetako gertakariak baliatzera “nahikoa dela esateko”. Borrokatzearen beharra azpimarratu du, “inpunitate hau gehiagora joan ez dadin”. Helburu horrekin, “aurrera pausu bat” eman eta manifestazioa iragarri dute ekainaren 19rako. “Eraso polizialei aurre egiteko, kamara berrien ezarpena salatzeko, Inposatu nahi diguten kontrol sozialaren aurka borrokatzeko”.








