lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 14/05/2026

"Poliziak bidali zituen kale egoeran dauden pertsonak Errekaleorrera"

Jon Hidalgo
Eraso larria salatu du Errekaleor Bizirik proiektuak. Poliziak, auzoa kaltetzeko, pertsona zaurgarriak "instrumentalizatu" dituela ohartarazi dute.

Errekaleor Bizirik proiektuak eraso larria salatu du, Gasteizko herriari zabaldutako agiri batean. Atzo egun osoan zehar Poliziaren "neurrigabeko presentzia" izan zela salatu dute, agindu judizialik gabe etxeetan sartzeraino.

Kale egoeran dauden hainbat pertsona auzora hurbildu zirela jakinarazi du Errekaleorrek, etxe batean sartzeko asmoarekin. "Ez da lehenengo aldia", adierazi dute auzokideek, eta proiektura sartzeko bideak azaldu zizkietela ohartarazi dute. Aldi berean, eskura izan zitzaketen baliabideak aurkeztu zizkieten, eta laguntzeko prestutasuna adierazi.

Auzora hurbildutako pertsonek beraiek adierazi zieten Errekaleorreko kideei Poliziak bidali zituela auzora, URSSA fabrikan bizi den talde bati berariaz esanda auzoko pisuak hartu zitzaketela. Auzokideak eta pertsona zaurgarri hauek hitz egiten ari ziren bitartean, Polizia bertaratu zen auzora, eta Errekaleorreko bloke batera sartzen lagundu zien. Azkenerako baina, ez ziren bertan gelditu.

Eguerdian eta arratsaldean antzeko egoerak errepikatu ziren, pertsona taldea Errekaleorrera hurbildu eta Polizia ere bertaratu zen. Auzotik salatu dutenez, auzokideen aurka oldartu eta hainbat pertsona identifikatu zituzten.

Gaueko ordu txikietan "20-25 pertsona etorri ziren, burdinezko barra, kate, metalezko xafla eta harriekin", Errekaleorrek salatu duenez. Auzokideen aurka oldartu eta hainbat pertsona zauritu zituzten, bati buruan zauri larri bat eginda, besteak beste. Anbulantzia deituta "Polizia dispositibo handia" bertaratu zen, eta auzokideek salatu dute "zaurituaren ongizatea alde batera utzita, Polizia probokazioan" aritu zela.

Polizia arazo, ez pertsona zaurgarriak

Errekaleorreko bizilagunek nabarmendu dute ez dituztela kale egoeran dauden pertsonak seinalatu nahi. "Bizi duten egoera ulertzen dugu eta instituzioen ardura seinalatu". Poliziak pertsona zaurgarri hauek instrumentalizatu dituela salatu dute, "ahulduko gaituen konfrontazio bat nahita sustatuz, gu arrazistatzat edo hipokritatzat seinalatuz".

Adierazi dutenez, ez da lehen aldia kale egoeran dauden pertsonak auzora hurbildu eta adierazi dutena "Poliziak bidali dituela". Poliziaren jarrera eta oldarraldiak salatu dituzte Errekaleorretik, eta azken asteetan eskuin muturrak egindako kanpainekin lotu. Izan ere, "Vox alderdi faxistak, haiek ere Ertzaintzaren dispositibo handi batek babestuta, gure auzoan probokazio kiratsa zerion agerraldia" egin zutela gogorarazi dute.

Gasteizko herri mugimenduak helarazitako babesa eskertu nahi izan dute auzokideek. Hamaika pertsona hurbildu ziren auzora, proiektuaren laguntza eskaerari erantzunez. Jasotako elkartasuna goraipatu dute, eta adierazi tinko jarraituko dutela "Errekaleor Auzo Askearen defentsan".

"Poliziak bidali zituen kale egoeran dauden pertsonak Errekaleorrera" - Gasteiz - Alea.eus

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal