lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 07/03/2026

32.000 euroko isunen aurka mobilizatuko da AZGA martxoaren 15ean

La Haine - Euskal Herria
AZGAko kideek adierazi dutenez, "isun horien bidez Guardetxearen eta antzeko gaztetxe zein gune autogestionatuen aldeko babesa kriminalizatu nahi dute".

Donostiako udaletxeko Pleno aretoan Guardetxearen egoera salatzeko iragan maiatzaren 29an protesta egitera joan ziren gazte bakoitzari 800 euroko isuna ezarri diete, guztira 32.000 euro. Donostiako Udalak Parte Zaharreko Guardetxea husteko salaketa aurkeztu ondoren, auzoko gazteak maiatzeko osoko bilkurara joan ziren protesta egitera. Saioak aurrera egin ahala isilik eta eserita egon ziren, eta hiru bat mozio eztabaidatu ondoren, bi gazte altxatu ziren udal batzar aretoan Guardetxearen aldeko aldarriak egitera. Une horretan, areto nagusian zeuden udaltzainak haiengana joan ziren, eta kanporatu egin zituzten. Gertakari horien ondorioz, gazte bat atxilotu zuten eta beste bost lagunen aurkako prozedura judiziala abiatu zen; desordena publikoak, autoritateari atentatua eta lesioak eragitea egotzi dizkiete. Iazko abenduan sei gazte deitu zituzten deklaratzera, baina epailearen aurrean ez deklaratzeko eskubideari eutsi zioten. Gaur egun, fiskalak egingo dituen zigor eskaeren zain daude eta, espetxe zigor eskaerak espero dituztela adierazi dute.

Prozedura judizial hori nahikoa ez balitz bezala, errepresio ekonomikoa ere salatu dute AZGAko kideek. Atzo egindako agerraldian adierazi zutenez, "isun horien bidez Guardetxearen eta antzeko gaztetxe zein gune autogestionatuen aldeko babesa kriminalizatu nahi dute, Poliziaren beste trikimailu baten bidez; gainera, berriro ere, gezurretan eta akusazio faltsuetan oinarrituta". Hori dela-eta, errepresioaren aurrean antolatzea erabaki dutela azaldu zuten, eta mobilizaziorako deia egin zuten. Hilaren 15ean manifestazioa egingo dute Donostian: 13:00etan abiatuko da, Trinitate plazatik.

Halaber, salatu dute oraingoan okupazioa ez ezik elkartasuna bera ere zigortu nahi dutela, "AZGAren jardun politikoa oztopatu eta geldiarazteko asmoz". Azaldu zutenez, osoko bilkurara joan zirenean beren helburua "adierazpen askatasuna baliatzea" zen: "Hiriko alkateari bilera eskaera formala egitea, bilkura oztopatzeko inolako asmorik gabe". AZGAren arabera, ondorioa honakoa izan da: "Bilera eskatzeko aukerarik gabe geratu gara; indarrez kanporatu gintuzten osoko bilkuratik, eta, gainera, zigor ekonomikoak eta prozesu penalak ezarri dizkigute".

Hau ez da Guardetxearen inguruan irekitako prozedura bakarra. Izan ere, urtarrilaren 27an epaiketa bat egin zen Donostian, gaztetxea okupatzeagatik; auzipetuak absolbitu egin zituzten, fiskalak berak hala eskatuta.

Pasa den urteko Maiatzaren Lehenetik okupatuta

Guardetxea gune autogestionatua izan zen hamar urtez, harik eta 2019an Donostiako Udalak eraikina itxi zuen arte. Inoiz iritsi ez ziren hainbat konponketa egiteko aitzakiarekin itxi zuen. Hori dela-eta, Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) pasa den urteko Maiatzaren Lehenean okupatu zuen sei urtez hutsik izandako espazioa. Hilabete hauetan askotariko eskaintza politiko zein kulturala antolatu dute Guardetxean: musika jaialdiak, liburu aurkezpenak, proiekzioak, hitzaldiak, kirol entrenamenduak, bakarrizketak, bertso txapelketa, elkartasun ekimenak, Doako Azoka, txalaparta klaseak. Bestalde, elkarte eta eragile ugarik ere erabili dute Guardetxea. Hala ere, AZGAk lagapen baldintzak udal gobernuarekin adosteko prest egon arren, udalak entzungor egiten jarraitzen du.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal