5000 euroko isunak ezarri dizkiete Hazparneko Puyo agentzia okupatu zuten zazpi auzipetuei


2024ko urtarrilaren 22an 50 bat pertsona sartu ziren Hazparneko(Lapurdi) Puyo higiezinen agentziara Aiherrako(Nafarroa Behera) espekulazio kasua salatzera. Izan ere, Etxexuria etxea 1.579.000 euroan salgai ezarria izan zen, erositakoa baino sei aldiz prezio garestiagoan, Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak jakinarazi zuenez. Ekintzaileek eskuorriak banatu zituzten, eta bertako langileari Aiherrako etxearen iragarkia kentzeko eskatu ere. Era berean, aulki batzuk mugitu zituzten, pankartak jarri eta pegatina batzuk itsatsi. Jendarmeria hurbildu baldin bazen ere, ez zen inolako istilurik izan.
Ondoko hilabeteetan, bost pertsona jendarmeriara deitu zituzten, miaketak izan ziren, eta bi pertsona atxilotu zituzten. Atzo, irailaren 30ean, zazpi lagun epaitu zituzten Baionako epaitegian. Akusatuei bi gauza egoztzi dizkiete: alde batetik, hitzordu “faltsu” baten bidez agentzia okupatu izana, eta bestetik, ADNA edo aztarna genetikoak emateari uko egitea. Osotara, 5000 euroko isunak ezarri dizkiete auzipetuei: gisa bereko ekintzengatik aurrekariak zituzten hiru auzipetuei mila euroko isuna eman die epaileak; gainerako laurei 500 eurokoa, gibelapenarekin. Bestalde, zazpi auzipetuek euskaraz mintzatzeko eskatu dute epailearen aurrean, baina honek uko egin die. Ondorioz, lekukoen hitza baizik ez du entzun epaimahaia.