Abiatu da martxoaren 17ko greba orokorra

Gaur greba orokorra egitera deituta daude Hego Euskal Herriko langileak. Hori dela-eta, goizean goiz errepideak moztu dituzte grebalariek hainbat tokitan: besteak beste, Gasteizen, Mercedes inguruan, Amerika Latinako biribilgunean eta Aernnovaren sarreran; Bilbon, El Campillo industrialdean, Mercabilbaon, Santo Domingo zubian, portuan eta hiriko hiru sarreratan, La Salve zubian, Zabalburun eta EITBn; Donostialdean, Martuteneko biribilgune handian eta Pasaiako portuaren sarreran; Andoainen N-1 errepidean, bi noranzkoetan; eta, Iruñerrian, Mutiloan, hegoaldeko saihesbidea moztu dute, eta biribilguneak ere blokeatu dituzte Berriozarren edo Noainen.
Momentuz, tentsio handieneko uneak Andoainen izan dira. Bereziki, manifestariak N1 errepidetik kanpo zeudenean. Bertan ziren polizietako batzuk manifestarien aurka oldartu dira eta, sindikatuek adierazi dutenez, zauritu bat dago. N1 errepidearen ertzean, eskilara aldera zihoazela, Ertzaintza kolpeka hasi da manifestarien aurka. Tentsio une handiak izan dira, orduan. "Bagoazela!" entzun zitekeen manifestarien artean, eta "gelditzeko esan!" eskaera ere bertan zegoen Ertzaintzaren arduradunari. Ertzaintza N1 errepidera iritsi denean, errepidea moztuta zegoen alde banatan. Lehenik Bazkardo aldekoa desalojatu dute eta, ondoren, Calonge aldekoa.
Era berean, bi identifikatu eta tentsio uneak izan dira Iruñeko Txantrea auzoan.







