Aiaraldeko enpleguaren defentsan ehundaka pertsona bildu dira Gasteizen


Ehunka lagun batu dira gaur eguerdian SOS Aiaraldeak Gasteizen eginiko agerraldian. Hiru autobus atera dira eskualdetik hiriburura, eta beste hainbat herritar batu dira gero mobilizaziora. Eguerdiko hamabietan jarri dute hitzordua Probintzia plazan, Arabako Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean. Hain zuzen, eraikin hori inguratzea izan da protestaren funtsa, giza kate baten bidez.
Modu horretan, interpelazio zuzena egin nahi izan diete erakunde publikoei. Nabarmendu dutenez, “nekatuta” daude “instituzioen promesa hutsalak” entzuteaz, “Aiaraldeak ziurgabetasun eta abandono egoera batean jarraitzen duen bitartean”. Salatu dutenez, “ langabezia, prekarietatea eta aukerarik eza” eguneroko ogia dira eskualdean. “Ikusi dugu gure industria-sarea desegiten, enpresak ixten... eta honen aurrean instituzioen aldetik ez dugu neurri errealak hartzeko adostasunik ikusi odoluste honi amaiera jartzeko”, azaldu dute mobilizazioari amaiera emateko eginiko hitzartzean. Euren hitzetan, horren adibide “argia” da Guardianen zein Glavistaren itxiera. Nabarmendu dutenez, “urtebete baino gutxiagoan ia 500 lanpostu” desagertuko dira eskualdean: “Aiaraldea, gure eskualdea, industria erreferente bat izan da, lan duina eta komunitatea izan dituen lurralde oparoa. Baina gaur egun, penaz begiratzen gaituzte, edo okerrago dena: ez digute begiratu ere egiten”.
Borrokaren “kriminalizazioa”
Baina beste kontu bat ere egotzi diete instituzioei: eskualdean ematen diren borrokak kriminalizatzea. Hala adierazi dute ekitaldian: “Gatazkatsuak garela esaten digute, gure eskubideen alde borrokatzea besterik egiten ez dugunean. Arazoa garela leporatzen digute, benetako arazoa haien abandonu-politika denean. Prekarietatea isilik onar dezagun nahi dute, baina ez dugu egingo”.
Horren aurrean, “tresnak daudela” ziurtatu dute, baina salatu dute Eusko Jaurlaritzak nahiago duela “beste alde batera begiratu”, multinazionalek eskualdeko lantegiak “inpunitate osoz” ixten dituzten bitartean. Horren aurrean, borrokan jarraituko dutela ziurtatu dute, eta ez dutela “milimetro bat bera ere” atzera egingo: “Instituzioek beste alde batera begiratzen duen bakoitzean, herriak berak altxatuko du ahotsa”.