Alberto Plazaola euskal preso politiko ohia espetxeratzeko agindua bertan behera utzi dute


Alberto Plazaola euskal preso politiko ohiak ez du espetxera itzuli beharko. Espainiako Auzitegi Nazionalak onartu duenez, lehen Estatu frantsesean betetako espetxealdia kontuan hartu behar diote eta espainiarrean ezarritakotik kendu, eta honekin zigorra guztiz amaitua du.
Plazaola 1990ean atxilotu zuten, eta 1996ra arte Frantzian egon zen gatibu. Ondoren, Espainiaratu egin zuten, eta 1997an 46 urteko espetxe zigorra ezarri zioten ETAren Araba komandoko kide izatea leporatuta; hau da, 30 urteko gehienezko espetxe zigorra. Halere, Plazaola 2014ko abenduaren 4an atera zen espetxetik, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko Lehen Sekzioak hala erabakita; ordurako, 24 urte egin zituen espetxean.
Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakiak gutxi iraun zuen indarrean, fiskaltzaren helegitea tarteko, Auzitegi Gorenak atzera bota baitzuen; 2015eko martxoaren 10ean Plazaola atxilotzeko agindu zuen. Ipar Euskal Herrian bizi izan da, geroztik, mehatxu hori dela-eta.
Orain, hamaika urte pasata, Espainiako Auzitegi Nazionalak onartu du 2014an egindako likidazio hura egokia zela. Zehatzago, espetxealdia 2013ko abuztuaren 24an agortu zitzaion Plazaolari, eta ondoren inolako trabarik ez zioten jarri behar, baina atxilotze agindua orain arte indarrean izan dute.