Amnistia aldarrikatuko dute Donostiako Estropadetan


Historikoki, amnistiaren aldeko aldarria presente egon da Donostiako Estropadetan eta azken urteotan ikusi dugun bezala ASKE antolukandeak hartu du lekukoa hainbat mobilizazio antolatuz. Aurten, irailaren 8an kaleak hartzera deitu du antolakunde antirrepresiboak, goizeko 13:00etan Bulebarretik abiatuko den manifestazioarekin bat eginez.
ASKE-k sare sozialetan argitaratutako bideo batean salatu duenez “militante iraultzaileek estatuen atzaparren menpe gatibu” jarraitzen dute eta “Euskal Herri Langileari ezinezkoa zaio bere benetako askatasuna eskuratzea eta pairatzen dituen zapalketei amaiera jartzea bere alde borrokatu direnak gabe”. Bide horretan, espainiar eta frantziar estatuek “ilunetan ezkutatu nahi dituztela” salatu dute. Hala ere, “ez dagoela konpromisoa eta elkartasuna eten ditzakeen hormarik eta, are gutxiago, kartzelarik” azpimarratu dute. Honen aurrean mobilizatzeko deia egin dute, amnistiaren aldarria ozen oihukatuz eta elkartasuna antolatuz, izan ere, “Euskal Herriko langileoi dagokigu preso politikoen amnistia erdiesteko baldintzak errotzen joan eta hau estatuei inposatzea”.