'Argia'-k agerian jarri du euskararen aurkako talde antolatu bat dagoela

Argiak jasotako irudi eta soinu bidezko frogatan argi azaltzen da azken urteetan administrazioetan eta administrazioen azpikontratetan euskara eskakizunen aurka martxan jarritako hainbat prozedura judizial erabat artifizialak izan direla. Hori erakusten du, hain justu ere, atzo argitaratu zuten "Nor dago oldarraldiaren atzean?" kazetaritza lanak. Errenteriako Udalak (Gipuzkoa) lehengo astean eten zuen lan deialdi bat da lanaren abiaburua.
Lan Eskaintza Publikoa deitu zuen erakunde horrek 25 administrari lanpostu betetzeko. Hilaren 2an, baina, hautaketa prozesua eteteko erabakia hartu zuen alkatearen dekretu bidez, herritar batek Lan Eskaintza Publiko horretan eskatzen zen hizkuntz eskakizunen kontra aurkeztutako helegiteagatik. Ikerketa sakona egin du Argiak, argigarria oso eta ezinbestekoa, probatu baitu helegite horren atzean euskararen kontrako talde antolatu bat dagoela, eta ez herritar bat. Zehazki, Osakidetzan 2024ko azaroan hainbat langilek osatutako Grupo Unid@s por una Exención Linguistica Real. 2025eko ekainetik Hiztunen Berdintasunaren Alde-Unidas por la Igualdad Linguistica plataforma dira. Zigor Olabarria Oleaga Argia-ko kazetariak sinatutako ikerketa erreportajean, helegitea aurkeztu duen herritarra talde horretako kidea dela, eta Osakidetzan plaza finkoa duela jarri du agerian. Baita ere, enpleguan interesik izan gabe Errenteriako Udalaren LEPari helegiteak aurkezteko prest zeuden pertsonak bilatzen aritu zela plataforma, horiek bideratzeko doako abokatua eskainita.
CCOO euskararen etsaia
Hala ere, plataformako kideak ez dira arduradun nagusiak izan. Helegiteak aurkezteko doako abokatua Euskara Denontzat elkarteak ordaindu zuen, eta operazio guztiaren pertsona gakoetako bat Sabin Zubiri izan zen. Euskara Denontzat elkarteko presidente izateaz gain, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako CCOO sindikatuaren erreferentzia nagusia da Zubiri euskara-eskakizunen alorrean. Esaterako, berak eman ohi ditu hedabideetan CCOOren helegiteen ondorioz atzera bota diren euskara eskakizunen azalpenak.
Osakidetzako langilea eta Osakidetzako Hiztunen Berdintasunaren Alde-Unidas por La Libertad Lingüística plataformako kide bat ere harremana dute CCOOrekin, Argiaren informazioaren arabera. Lehenengoa CCOOren zerrendetan joan zen 2024ko Osakidetzako hauteskunde sindikaletan. Bigarrena, batetik, mezu batean idatzi zuen CCOO sindikatuak HBA plataformaren lana eta Errenteriako auzian egiten ari zena “ondo ezagutzen” zuela. Eta bestetik, mezu berean eta jarraian, bera “sindikatuta” dagoela zehaztu zuen.







