lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 28/12/2025

ASKE antolakundeak Zaballara espetxe martxa burutu du

La Haine - Euskal Herria
Ertzaintzaren errepresioa nabaria izan da, eta hainbat ekintzetan ikusi ahal izan da hori, hala nola, banan-banan egindako miaketetan eta dronen eta helikopteroaren bidez egindako grabaketetan.

Larunbat honetan, abenduak 27, ASKE antolakundeak martxa bat burutu du Zaballako espetxera, euskal preso politiko gehienak bahituta dauden lekuara hain zuzen ere. Martxaren hasieratik Ertzaintzaren errepresioa nabaria izan da, izan ere, dispositibo handia jarri du Subillanako herri irteeran, espetxe martxara zihoazen pertsona guztiak banan-banan miatuz. Horretaz gain, martxa guztia dronekin eta helikopteroarekin grabatu eta kontrolatu dute. Hala ere, espetxera hurbiltzea lortu eta "presoak kalera, amnistia osoa", "independentzia, sozialismoa", “indar errepresiboak suntsitu” eta "amnistiarik gabe, bakerik ez" bezalako oihuak entzun dira.

Martxa amaitzean, antolatzaileek honako agiri hau irakurri dute: "Pausoz pauso, itzalezina den zirta da elkartasuna. Horrela, hamaika badira ere estatu zapaltzaileok Euskal Herriko mugimendu iraultzailea suntsitzeko jarritako neurri errepresiboak, hauek jai daukate, antolakuntzarako eta borrokarako grinaren bitartez bere askapenaren bidean berresten den Euskal Herri Langilearen aurrean. Hala ere, bide horretan, hainbat dira etsaiak baliatu dituen eta baliatuko dituen trikimailu, oztopo eta oldarrak. Eta askapen bide horren baitan ernatutako borrokaren ondorio gisa hartu behar dugu egun Euskal Herrian preso politikoak egotea. Izan ere, nahiz eta etsaiak Euskal Herri Langilearen bihotzean eta gure kaleetan beldurra zein desmobilizazioa hedatzeko diziplinamenduari begiratutako xantai gisa baliatu nahi izan, nazionalki eta sozialki zapaldutako herri baten askapenaren promesa dira. Itxaropenaren izpia.

Ildo horretatik, etsaiarentzat preso politikoen existentzia desagerrarazi nahi duen problematika baten halabeharrezko ondorioa da. Inolaz ere, desagerraraztea interesatzen ez zaion figura. Bere nagusitasunaren eta interesen erdiespenari begira mesedepekotzat jotzen baitu. Militante iraultzaileak preso sartuta, ez baitu bakarrik hauen borroka kriminalizatzen. Hauetan era prestu eta engaiatuan aritutakoak herri langilearengandik erauztea, bere atzaparren menpe babesgabe utzita isolatzea eta, aldi berean, borrokan jarraitzeko baliabideak kentzea du xede. Ez hori bakarrik, preso politikoak estatuaren aurka edota honek egokitzat jotzen ez dituen praktika politikoen ondorioen eta hauetan aritzeagatik jasoko litzatekeen zigorraren erakusleiho paregabea suertatzen dira estatuarentzat. Eta ez gaitzen tronpatu. Estatuak bere legediaren bitartez zein bere legedi propioa urratuta edota honi muzin eginda, gogor joko du beti Euskal Herriko mugimendu iraultzailearen aurka, espetxe politika etsaiak Euskal Herria kolpatzeko eta jazartzeko helburuari eutsita gorpuzten baita.

Bide horretan, gogora ekarri nahi ditugu, etsaiak krudelkeriaren ondorioz espetxearen bitartez erail dituen militante iraultzaile guztiak. Gogoan zaituztegu eta herriak ez du barkatuko! Eta hamaika izan badira ere etsaiaren enbatak, hamaika izan dira, halaber, Euskal Herriak preso politikoen alde, harresiaren bestaldetik baina betiere isolamendua hautsiz, elkartasuna bihotzean eta amnistia ahoan martxan jarritako ekimen eta dinamikak. Kaleko berotasuna espetxean barrena zabaldu eta, aldi berean, barruko oihuak eta errealitatea Euskal Herriaren parte izaten jarraitzea ahalbidetu dutenak. Estatuek espetxeen bitartez emandako kolpe bakoitzak bere erantzuna izan baitu askapenaren dema amaigabean. Eta urte luzez herriz herri, auzoz auzo, Euskal Herriko txoko guztietan hedatutako elkartasun sare hori azken boladan itzaltzen ari den jakitun, etsaiak amaierako kolpea emateko asmo osoa dauka, kriminalizazioaren eta debekuaren eskutik. Horrela uler daiteke bakarrik ongietorrien desagerpenari begirako azken kriminalizazio saiakera edota elkartasuna bultzatzeko gaurko bezalako espetxe martxak burutzearren ezarri nahi dituzten 153.600 euroko isunak. Izan jazarpen judiziala, izan jazarpen ekonomikoa, izan jazarpen bortitz eta gordinena, etsaiak eskura duen baliabide oro erabiliko du beti, ez bakarrik Euskal Herriaren eta bere langile klasearen askatasun grina itzaltzeko, baizik eta errotik mozteko.

Ataka horretan, bai frantziar, bai espainiar estatuok oraindik konbentzituta daude urte luzeetako kolpe errepresiboen bitartez lortu ez dutena erdiesteko atarian daudela. Eta bide horretan, alde batetik, euren jazarpena pairatzen duten edozein elkartasun keinuren zein errainuren aurkako oldarraldia areagotzea erabaki dute. Eta, bestetik, beti egiten duten legez, militantzia politikoa gauzatzea ahalbidetzen duten baldintzen aurka gogor jotzen jarraitzea erabaki dute. Erabiltzen duten jazarpen formaren berrikuntza izaten dena izaten delarik, lehengo lepotik baitute burua.

Gauzak horrela, ezinezkoa zaigu isilik geratzea. Erantzunik ez ematea ez da aukera bat. Ezin dugu utzi estatuok euren azpirazio bide-orrian sakontzea. Euskal Herriaren aurka baliatzen duten jazarpen estrategiaren motibazioak izaera politikoa duenez gero, izaera politikoko borroka gisa ulertu behar dugu Euskal Herri Langileak gauzatu beharreko borroka eta eman beharreko erantzunak. Eta horrela heldu behar diogu borrokan aritzeagatik estatuen esku gatibu, bahituta, daudenen izaerari ere. Preso politikoak baitira, eta ez kriminalak. Era horretan, Euskal Herri Langilea zapaltzen duten frantziar zein espainiar estatuen norgehiagokan hauen askapena aldarrikatzeko eta honen mesedepean borrokatzeko zilegitasun osoa dauka.

Baina askatasun hori ez da etorriko etsaiaren gupida edota eskuzabaltasunaren eskutik, ezta aldarrikapen hutsaletatik ere. Soilik militantzia konprometituaren eta antolakuntzaren bitartez egikarituko da. Hala ere, bide horretan ez da nahikoa errepresioaren aurkako borroka momentu puntualetan ematen diren gertakari edota oldarraldiei erantzuteko tresna gisa gorpuztea. Beharrezkoa da hau klabe estrategikoan helburu argi baten pean osotzea. Euskal Herri Langilearen askapenaren ortzimugan lerratutako helburua, alegia. Amnistia baita Euskal Herriko errepresioaren aurkako mugimendu orok izan behar duen azken helburua. Amnistia da Euskal Herriak zapalkuntza nazional zein sozialaren pean jarraitzen duen bitartean errepresioari amaiera jarriko dion benetako alternatiba barnebiltzen duen kontzeptua. Herri langileak pairatzen duen zapalkuntzari errotik heldu barik, ez baitago alternatiba errealik gorpuzterik. Eta amnistiaren erdiespenak amnistia gehiago behar ez izateko mugarria suposatzen du. Ez baitu bakarrik euskal preso politikoen zein jazarritako ororen askapena suposatzen. Amnistiaren bitartez, Euskal Herri Langileak bere askatasunaren bidean borrokatzeko zilegitasuna ez ezik, honi begira aurrera emandako egintzak ere zilegitzen ditu. Horrela, amnistiak errepresioaren gaindipena suposatzen du, hauek sostengatzen dituzten baldintzak ezabatuz eta, aldi berean, Euskal Herri Langilearen begietan bere askapenaren alde aritutakoen jarduna zilegitzeaz haratago etsaiaren estrategia eta jazarpena biluztuz.

Hori dela eta, gure elkartasun eta besarkadarik beroena Euskal Herri Langilearen askapenaren alde eta etsaiaren okupazioaren aurka diharduten militante iraultzaileei. Ez bakarrik gaur Zaballan bahituta aurkitzen diren euskal preso politikoei, baizik eta oraindik ere bai frantziar, bai espainiar estatuetako espetxeetan zilegi den zioagatik bahituta jarraitzen duten guztiei. Jakin dezatela Euskal Herriko kaleetan badela oraindik amnistiaren alde ez ezik, independentzia eta sozialismoaren aldeko borrokan ere egunero murgilduta diharduten militanteak. Badagoela alternatiba. Eta ez dugula amorerik emango, eurak ez ezik, Euskal Herri guztia ere aske ikusi arte. Bide horretan, dei egiten dugu euskal preso politikoen egoera salatu eta beraien askatasuna aldarrikatzeaz gain, amnistiaren aldeko borrokan murgiltzera".

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal