lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 02/02/2026

Auzipetutako lau gazteen absoluzioa aldarrikatu dute Sopelako kaleetan

La Haine - Euskal Herria
Joko areto baten aurka protesta egiteagatik, 32 urteko espetxe zigor eskaera, zortzi urte pertsona bakoitzeko eta 112.400 euroko isuna ezarri nahi dizkiete.

Espainiako Poliziak 2021eko uztailean, lau sopeloztar atxilotu ostean abiatutako auziaren ondorioz, 32 urteko espetxe zigor eskaera, zortzi urte pertsona bakoitzeko eta 112.400 euroko isuna ezarri gura dizkiete. Lau auzipetuei elkartasuna adierazteko mobilizazioa egin zuten larunbatean Sopelan. Herritar ugari bildu ziren lau gazteen absoluzioa eskatzeko eta gazte horiek bizi duten egoera salatzeko.

Sopelako 4ekin1 plataforma azaldu du testuingurua bereziki gatazkatsua izan zela 2021 urtearen hasieran Sopelan: "Eraikitze lanetan zegoen supermerkatu baten aurkako plataforma herritarra zein joko-aretoen aurkako dinamika martxan zeuden. Eta gainera, Sopelako zenbait udaltzain eta hainbat gazteren arteko gatazka nabarmena zegoen".Are, salatu dute “oso jarrera bortitza” izan zutela udaltzainek, herritarrei modu jarraituan jazartzeaz gain gazte bat jipoitu ere egin zutela eta.

"Testuinguru horretan, herri-mugimenduan aktiboki lanean ari ziren lau herritar izutu asmoz, operazio hau jarri zuten martxan. Hori inongo frogarik gabe eta modu desegokian egin zuten. Horrela, orain lau sopeloztarren bizitzak errotik baldintzatuko dituen egoera baten aurrean gaude", adierazi zuten. Operazio horren arduradun eta sustatzaile gisa seinalatu dituzte joko aretoaren jabea, “zeinak dinamika herritar hori desagerrarazi nahi zuen”, eta Sopelako Udaltzaingoa.

Plataformak salatu du ahulak direla lau auzipetuen kontrako forgak, auzia birritan artxibatua izan delako, eta, gainera, fiskala auzitik erretiratu delako. Halere, akusazioak zigor eskaerei eutsi die, eta kasuak aurrera segitzen du. Gehitu dute epaiketa datorren astean zutela, baina gibelatu dietela eta ez dutela bertze datarik.

Bukatzeko, bertaratutakoei lau herritarrak babesteko deia egin zieten: “Gaur haiek dira euren bizitza epaitegi batean jokoan dutenak, baina bihar zu izan zaitezke, edo ni. Horregatik, argi utzi nahi dugu, nahiz eta prozesuan askotariko gorabeherak egon, guk ez dugula etsiko; borrokan eta elkartasun olatua handitzen jarraituko dugu absoluzioa lortu arte”.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal