Baldintzapean aske geratu da Asier Karrera euskal preso politikoa

Asier Karrera Arenzana euskal preso poltikoa baldintzapean aske geratu zen astelehenean, azaroaren 17an. Horretarako ebazpena eman du Espetxe Zaintzako Epaile Zentralak. Hala ere, egunerokoan epaitegiak ezarrita hamabost baldintza eta “jokabide arau” bete beharko ditu zigorra erabat bete arte.
Karrera 2000ko azaroan atxilotu zuten, eta 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, Fernando Buesa Blanco PSE-EEko buruzagia zena eta haren bizkartzain Jorge Diaz Elorza exekutatzea egotzita. Besteak beste, Madrilgo Valdemoro, Huelva eta Pontevedrako A Lama espetxeetan izan zuten preso. 2021eko martxoan iragarri zuten etxarriarra euskal herriratuko zutela. Lehenik, Palentziako Dueñasko espetxera eraman zuten, handik Arabako Zaballako espetxera lekualdatu zuten eta, azkenik, Gipuzkoako Martutenera mugitu zuten.
Hirugarren gradua, berriz, 2022ko urrian eman zioten lehen aldiz. Orduan, baina, fiskaltzaren eskaerari men eginda, Espainiako Auzitegik Nazionalak atzera bota zuen hura, eta 2023ko otsailean bigarren gradura itzularazi zuten. Urte berean, hainbat euskal preso politiko berriz espetxeratu zituzten, hala nola Ainhoa Barbarin, Mikel San Argimiro, Aitor Esnaola, Joseba Arregi eta Asier Rodriguez, besteak beste. Hilabete batzuk geroago, berriz onartu zioten gradu progresioa, eta 2024ko ilbeltzetik baliabide telematikoekin ari zen zigorra betetzen. 2023an bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Hori da baldintzapeko askatasuna eskuratzeko eskatzen dieten gutxieneko epea. Osotara, mende laurden igaro du gatibu.







