Baldintzapean aske geratu da Mikel Aiensa Laborda euskal preso politikoa

24 urteko espetxealdiaren ostean, baldintzapean aske gelditu da Mikel Aiensa Laborda euskal preso politikoa. 2024ko maiatzean hirugarren graduan sailkatu zuten eta urte horretako urritik baliabide telematikoen bidez bete du bere zigorra.
2002an atxilotu zuen Guardia Zibilak Mikel Aiensa Iruñeko Mendillorri auzoan. Operazio berean Ibai anaia ere atzeman zuten Aitzoainen eta Patxi Ruiz Burlatan. Berriozarreko preso politikoari 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten 2003an, Tomas Caballero Pastor UPNko politikariaren exekuzioan parte hartze egotzita.
Espetxealdian sakabanaketa gertutik ezagutu du Aiensak. Ezagutu dituen espetxeen artean Monterrosokoa dago (Galizian), Euskal Herritik 600 kilometro baino gehiagora kokatua. 2006an, bertan gatibu zegoela, bere gertukoek istripu bat jasan zuten bisitara zihoazenean. 2020an Logroñoko kartzelara lekualdatu zuten. 2022an, berriz, Zaballako espetxera eraman zuten.
Eusko Jaurlaritzak erdi-askatasuneko erregimena onartu dio Soledad Iparragirre "Anboto" euskal preso politikoari, espetxe araudiaren 100.2 artikulua aplikatuta. Hori dela eta, preso politikoa Martuteneko(Gipuzkoa) espetxetik atera ahalko da astelehenetik ostiralera, baina lo egitera itzuli beharko da. Ez da hirugarren gradua, presoak zigorraren zati handi bat beteta duenean espetxe araudiak onartzen duen bitarteko formula bat baizik. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak txostena egin beharko du orain (ez da loteslea), eta behin betiko erabakia Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralari dagokio.
Soledad Iparragirre “Anboto” ETAko buruzagi historikoetako bat izan zen. 2004ko urrian atxilotu zuten Salies-de-Béarn(Frantzia) herrian, Mikel Albisurekin batera. Frantzian epaitu eta 20 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Geroago, 2019an, espainiako estatura estraditatu zuten hainbat ekintza harmatuen ondorioz epaitua izateko. Epaiketa desberdinetan kondena ugari jaso ditu, eta guztira, 793 urteko kartzela zigorra ezarri diote.







