lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 02/03/2025

Basauriko sutean kaltetutako 30 bizilagunek instituzioen utzikeria salatu dute

Olatz Silva Rodrigo
Batu etxebizitza sindikatuak jakinarazi duenez, datorren ostegunean utzi beharko dute hotela, “etxebizitza alternatibarik izan edo ez”.

Urtarrilaren amaieran Basaurin (Bizkaia) gertatutako sute batek etxerik gabe utzi zituen 30 bizilagun baino gehiago. Udalak zaintzapean hartu zituen herritarrak, eta Arrigorriagan dagoen Ibis Budget hotelean eman zien ostatua. Batu etxebizitza sindikatuak jakinarazi duenez, baina, datorren ostegunean utzi beharko dute hotela, «etxebizitza alternatibarik izan edo ez». Horren ordez, 2.460 euroko laguntza «irrigarria» emango diete. Agerraldia pasaden ostegunean egin zuten udaletxeko arkupeetan, eta, hartan, Batuk eta herritarrek argi utzi zuten: «Hotela martxoaren 6an utzi behar dugula esan digute, baina ez gara inora joango».

Basauriko Udalak zera adierazi zuen joan den astean, ohar bidez: «Behar dutenei etxebizitza bat eskainiko diegu, salbuespenez, aldi baterako, eta gehienez ere, lau hilabetez». Izan ere, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko dekretuak ezartzen du posible dela lau hilabetez aldi baterako ostatua ematea, gizarte larrialdiko egoera bat dagoenean. Hala ere, sutea gertatu eta hiru astera jakinarazi diete auzokideei hotela utzi beharko dutela. «Erabaki horrek are babesgabeago uzten ditu familiak», kritikatu du Batuko Pablo Oliverosek, eta erantsi hamar eguneko epea baizik ez dietela eman beste etxebizitza bat topatzeko. Esan du udalak emango dien laguntza ez dela nahikoa: «Familiek ez dute dirurik nahi, teilatua bermatua izatea baizik».

Kalero auzoko Kareaga Goikoa kalean piztu zen sutea, urtarrilaren 31n. Garretatik ihes egiteko, pertsona batek eraikinetik jauzi egin zuen, eta hil egin zen. Beste lau pertsona erreskatatu zituzten suhiltzaileek. Sutea gertatu eta hiru astera, Ertzaintzak mutil bat atxilotu zuen, sute hori sortu izana egotzita. «Nire erraina eta bi ilobak erreskatatu behar izan zituzten; suhiltzaileek bizia salbatu zieten», gogoratu du Tamarak —ez du abizenik eman—. Haren semeak etxea galdu du, eta Tamara ahal duen guztia egiten ari da hura eta senideak laguntzeko

«Etxea eta oroitzapen guztiak galdu dituzte, eta hotel bateko logela batean igarotzen ari dira trauma, mugitu ezinik, bi haur oso txiki baitituzte», kontatu du Tamarak. «Eta, hori gutxi balitz bezala, hoteletik alde egin behar dutela esan diete orain». Udalaren jarrera kritikatu du Tamarak, lagundu beharrean «oztopoak jarri besterik ez dutelako egiten». «Oharrak ateratzen baditu, zerbait estali nahiko du», salatu du.

Joan den astean udalak jakinarazi zuenez, arretarako, informaziorako eta laguntza sozialerako leihatila bakarra abiarazi du sutean kaltetutako bizilagunak artatzeko. Arreta puntu horren helburua da, besteak beste, erantzun koordinatu eta eraginkorra eskaintzea, tramiteak egiten laguntzea, bizikidetza unitateen egoerak aztertzea eta laguntza psikosoziala eskaintzea. Lan hori egiteko, enpresa espezializatu bat kontratatu dute.

Jakinarazpenik ez

Bizilagunek sare sozialen bitartez izan zuten leihatila horren berri, Enmanuel Ruiz herritarrak esan duenez. «Guri ez digu inork ezer jakinarazi». Gurasoekin bizi zen, Kareaga Goikoa kaleko etxe batean. Urduri samar eta larrituta dago Ruiz. Aitortu du aste hauek «gogorrak» izan direla, bizimodua erabat aldatu zaielako eta ziurgabetasun egoera batean daudelako. Antzera daude auzokideak: «Batera gaude hotelean, eta elkarren artean hitz egiten dugu; nabaria da tentsioa».

Era guztietako tramiteak egin behar izan dituztela esan du Ruizek. Esate baterako, asegurua bideratzeko, hainbat dokumentu eskatu behar izan dituzte. Haren amak lanaren zati bat albo batean utzi behar izan du, «lehentasuna» baita dokumentazio hori guztia lortzea. Emango dieten diru laguntzari dagokionez, Ruizek esan du horrekin ezin dutela ezer egin, «alokairua izugarri garesti» baitago, eta hotelak ere ez baitira merkeak.

Egoera ikusita, auzokideek «borrokan» jarraituko dute euren etxeen alde, Sandra Londoño auzokideak argi utzi duenez. Horregatik erabaki dute Batu sindikatuan antolatzea: «Argi daukagu bizitza eta baldintza duinak bermatzeko modu bakarra klase antolakuntza dela; gure etxebizitza negozio bihurtzen duten errentadunei, erakundeei eta bankuei aurre egin behar diegu». Udalari bilera bat eskatu diote astelehenerako. Izan ere, esan dute orain arte udalak uko egin diola sindikatuarekin elkartzeari. Era berean, lau hilabeteko babesa berma dezala exijitu diote.

Beste deialdi bat ere egin dute; oraingoan, herritarrei eta komunikabideei. Martxoaren 6an, goizeko hamarretan, hotelera bertaratu daitezela eskatu diete. «Ez gara inora joango, ez baitugu nora joan, eta ez baititugu onartzen gure beharrei erantzuten ez dieten protokolo eskasak», azaldu du Londoñok. Batuk agerraldia egin eta gutxira, beste ohar bat igorri du Basauriko Udalak, sindikatuaren jarduna kritikatzeko. «Pertsona horiek ez dute beste bizileku bat izateko eskubiderik; hala ere, Batu saiatzen ari da bizilagunek diru laguntzari uko egin diezaioten, sinetsaraziz udalak etxebizitza bat emango diela, eta hori ez da gertatuko», esan dute.

Arazoa ez da berria

Kareaga Goikoa kaleko eraikin horiek 40 urte daramatzate hiri antolamenduko plan orokorretik kanpo, Batuk zehaztu duenez. «Arazoa ez da berria». Berta Gimenez Batuko kideak nabarmendu du «baliabide gutxien dituzten pertsonak» direla beti «linbo legal horretan» bizi direnak. Hain justu, Londoñok azaldu du etxebizitzaren arazoak «klase joera nabarmena» duela: «Antolamenduz kanpoko eremuetan, baldintza osasungaitzetan eta erakundeen axolagabekeriaren pean bizitzera behartuta daudenak, hain zuzen ere, baliabide gutxien dituztenak dira».

Nahiz eta txostenek eraikin horien egoera larriaz ohartu, Gimenezek salatu du udalak ez duela inoiz neurririk hartu: «Sutean kaltetutako familiek askoz lehenagotik jasan izan dute udalaren utzikeria; hala berretsi dute eraikinen prekaritateari buruzko txosten teknikoek». Era berean, Londoñok esan du udalaren erabaki bakoitzak agerian uzten duela «pobrezia benetan nola kudeatzen duen». Eta hori ez da bakarrik Basaurin gertatzen. «Horrek eredu sozioekonomiko kapitalistari erantzuten dio, non etxebizitza merkantzia bat den, eta ez eskubide bat».

Udalaren «utzikeriak» hainbat «zalantza» zabaltzen dituela iradoki du Batuko kideak. Besteak beste: «Zein helburu urbanistiko dute erre diren etxebizitzetako lursailek? Ba al dago loturarik lursail horiek erabiltzeko asmoen eta etxebizitzek jasan duten narriaduraren artean?». Batuko kideek uste dute hainbat elementuk justifikatzen dutela zergatik eman dioten bide Kalero auzoko hondamendiari. «Etxegabetze isil bat da», azpimarratu du Gimenezek.

Basauriko sutean kaltetutako herritarrak: «Hotela martxoaren 6an utzi behar dugula esan digute, baina ez gara inora joango»

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal