Bat inon loturik deino...
Bat inon loturik deino...
“Bizkaiko metalgintzako sei langile deklaratzera deitu dituzte, 2022ko hamaika greba egunetan parte hartzeagatik”; halaxe zioen Olatz Silvak Berrian urtarrilaren 10ean argitaratutako albisteak. Hori irakurri eta azken garaietako zerrenda luzera gehituz gero, ikaragarria da emaitza: Leioako bostak, Bilboko Langile Autodefentsa Sarea, Errotxapeako Gaztetxea, Maravillas, Senpereko laurak, Donostiako Alde Zaharreko gazteen kontrako jazarpena, Berangoko hemezortziak, sindikalgintza formalaren kontrako prozedurak epaitegietan, Mozal Legearen eraginez ezarritako ehunka mila euro zigorretan, terrorismoagatik zigortuak izateko mehatxatu dituzten hamaika norbanako eta antolakunde, kolaborazio eskaerak poliziaren partetik...
Alfonso Sastrek esan zuen: “Terrorismo esaten zaio ahulenen gerrari, eta gerra esaten zaio –baita gerra garbia ere– indartsuenen terrorismoari”. Hortik abiatuta esan daiteke terrorismo edo delinkuentzia deitzen zaiola langile klasearen borrokari, eta gerra edo errepresioa, berriz, burgesiaren eta klase kapitalisten indarkeriari.
Guztion ahotan dago krisi garaiak bizi ditugula, eta agerikoa da, eguneroko albisteei kasu eginez gero. Gure poltsikoetan ere nabari da, eta arestian aipaturiko zerrenda erabat loturik dago.
Kapitalaren berregituratzean, lan indarraren eta natur baliabideen gehiegizko esplotazioa kapitala bera balorizatzeko moduak dira. Eta, prozesu horretan guztian, zuzenbideak langile klasea diziplinatzeko funtzioa betetzen du; ejerzitoen, espetxeen, elizaren... bidez.
Askapenak berriki argitaratu duen Europar Batasuna eta errepresioa analisian ondorio nagusietakoa da. Bertan, Europar Batasuna eta NATO inperialismo atlantistaren esanetara dauden bi tresna gisa definitzen ditu, eta tresna horien lana Euskal Herrian nola gorpuztu den azaltzen du.
Gai izango al gara, geure herrikideen kontrako jazarpenaren aurrean, herri gisa erantzun eta elkartasuna garatzeko? Gai izango al gara ulertzeko aipatutako errepresio kasuak herri honen askapen prozesuan emandako urratsen ondorioz direla?
Doktrina antiterroristari atentzio berezia eskaintzen dio analisiak. 90eko hamarkadaren amaieran hasi zen garatzen, bereziki, gizarte foroek ekarritako protesten nazioartekotzearen aurrean. Garai hartakoak dira Irak, Afganistan, Carlo Giuliani, erakunde terroristen zerrendak, ezkutuko hegaldiak, Guantanamo, Abu Ghraib...
Europar Batasunaren baitan, 2002an Kontseiluak estatuei agindu zien euren legedietan atal antiterrorista berezia txerta zezaten. Dagoeneko euren legedietan bazutenentzat (Alemania, Portugal, Italia, Erresuma Batua, Frantzia eta Espainia) babes handia izan zen, eta euren baitako disidentziak erasotzeko tresna gehiago eskuratu zituzten.
Ezagunak zaizkigu Euskal Herrian horren ondorioak: ehunka atxilotu eta torturatu, hamaika erakunde legez kanporaturik, 800 preso politikotik gora, komunikabideak itxita...
Gaur egun, oraindik, eraso horiek guztiak egiteko tresneria ez da desagertu inolaz ere, areago, garatu egin da; eta testuingurua aintzat hartuz, ez dirudi desagertuko denik, kontrara, estatuen funtzio errepresiboa indartu egingo da, jendartea diziplinatuz militarizazioaren bidez edota jazarpen judizial eta polizialaren bidez (edo bestelako ekinbide ez hain garbien bitartez).
Sedizio delitua desagertzearen harira sortutako eztabaidan, ikusi dugu nola desordena publikoaren tipo larriagotua sortzekotan diren, noiz eta etxebizitza sindikatuen, auzo elkarteen, elikagai bankuen, harrera sareen eta abarren jarduna areagotzen ari denean. Lege moldaketak, jakina, azken horiek jartzen ditu jomugan, beraiek baitira herri langileok NATOren eta EBren esanetara lerratu ez daitezela ekidin dezaketen bakarrak, langile klasea modu burujabean antolatuta.
Joera berbera ikus daiteke inguruko estatu guztietan, eta horren aurrean elkartasun internazionalista antolatzea behar beharrezkoa da. Baina Askapenaren lelo handiak zera dio: “Internazionalistak garelako, lehen urratsa Euskal Herrian”; gai izango al gara, geure herrikideen kontrako jazarpenaren aurrean, herri gisa erantzun eta elkartasuna garatzeko? Gai izango al gara ulertzeko aipatutako errepresio kasuak herri honen askapen prozesuan emandako urratsen ondorioz direla?
Hala egin ezean, ez dugu etorkizunik izango.
Aratz Estonba, Askapenako kidea