Baxoa azterketa euskaraz egiteko ezintasuna salatu dute Bernat Etxepareko ikasleek


Gertu dago ikasturtearen amaiera eta, horrekin batera, gertu daude Baxoako probak. Baxoa Goi Mailako ikasketak egin ahal izateko ezinbestean eskuratu behar den titulua da. Hala ere, Baionako Bernat Etxepare ikastetxeko Euskal Herrian Euskaraz taldeak antolaturiko protestaren bidez, aurten ere Baxoa azterketa euskaraz egiteko aukerarik izanen ez dutela salatu zuten atzo. Hori salatzeko, “Utz gaitzazue euskaraz mintzatzen eta idazten!” lemapean elkarretaratu ziren hamarnaka ikasle, ikastetxearen aurrean.
Ikasleek ozen adierazi dute beren haserrea eta kezkak: “botere publikoek ez dituzte oraindik egin eskatu zitzaizkien euskararen aldeko jauziak”. Gogorarazi dutenez, duela urtebete Euskalgintzaren Kontseiluak jada ohartarazi zuen euskararen egoeraren larritasuna, eta “larrialditik ongi izaitera pasatzeko, hizkuntza politikan jauziak egin behar dira”, aldarrikatu dute. Iazko maiatzean, ikasleek mobilizazio bat egin zuten Baionako suprefeturaren aurrean, hain zuzen, “frantses Estatuko agintariek azterketak euskaraz pasatzea debekatzen digutela” salatzeko eta, urte bat beranduago, aldaketarik izan ez dela ohartarazi dute. Era berean, aurreko urteetan egin duten modura, ikasleek adierazi dute hizkuntzen zapalkuntza ez dela onargarria. Bukatzeko, egoera bidegabe horren aurrean, beren hizkuntzan mintzatu eta idazteko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dutela azpimarratu dute.