Beste irakasle faxista baten berri izan dute EHUn


Gasteizko irakasle batek hainbat sare sozialetan “mezu faxista, transfobo, arrazista eta frankistak” zabaldu dituela salatu dute Farmaziako ikasleek, edo Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aldekoak. Honakoak lirateke mezu horietako batzuk: “Hit it hard Israel, the world with you!” (Eman gogor Israel, mundua zurekin!), “Grande Abascal, tienes mi voto” (Handia zara Abascal, baduzu nire botoa), “...las bolleras que votan a la izquierda, que tienen menos luces que una vela” (ezkerrari botoa ematen dioten bollerak, zein baino zein motzagoak dira).
Iazko irailean EHUko Leioako Campusean izan zen gisa bereko kasu bat. Horren ondorioz, mezu faxistak eta misoginoak sare sozialetan barreiatzen zituen irakaslea kanporatu zuten. Orduan EHUk erabaki zuen pentsamolde hori zuen irakaslea ezin zela irakaskuntza lanetan aritu unibertsitatean halako balore eta jarrerekin.
Faxismoari aurre egiteko, momentuz, bi hitzordu jarri dituzte: datorren astelehenean, asanbladak egingo dituzte 13:00etan eta 18:00etan, fakultateko sarreran.