lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 10/02/2026

Beste pertsona bat hil da Zaballako espetxean, osasun arreta ukatua izan ostean

Ekain Carrasco Tellaetxe
Iragan astean pertsona bat hil zen Zaballako espetxeko bere ziegan, ustez bihotzekoak jota; mediku arreta eskatuta ere ez zuen jaso.

Otsailaren 5ean 35 urteko pertsona bat hilik agertu zen Zaballako espetxeko bere ziegan, Salhaketa presoen aldeko elkarteak jakitera eman duenez. Bertsio ofizialaren arabera, bihotzekoak jota hil da presoa, baina oraindik ez diote autopsiarik egin. Familiak jaso duenez, hildakoa interfonotik deika aritu zen hil baino bizpahiru ordu lehenago, baina mediku arreta ukatu zioten, ziegak ireki arte itxaroteko esanez.

Arabako presoen aldeko elkarteak salatu du ez dela izan “kasu isolatua, ezta salbuespenekoa ere”, 2021ean Eusko Jaurlaritzak eskumenak hartu zituenetik, “gutxienez 10 heriotzaren berri” izan baitute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako espetxeetan “arrazoi ez-naturalengatik”. Heriotza ez ezik, “inguratzen duen isiltasun instituzionala” ere deitoratu du elkarteak.

Salatu du, halaber, espetxeko osasun zerbitzua “defizitarioa” dela, eta osasun fisiko, mental eta patologia dualeko arazo larriak dituzten presoak “berehala askatzea” eskatu du. Dioenez, gaixoek espetxean “larriki okerrera” egiten dute eta, “kasu gehiegitan, autolesio edo suizidio bihurtzen dira”. Gainera, adierazi du “komunikazio ofizialik eza eta opakutasun sistematikoa onartezina” dela, familiek “berandu” jakiten baitute, “informazio partzial edo nahasgarriarekin, eta benetan zer gertatu den jakiteko bide argirik gabe”. Hori ekiditeko Eusko Jaurlaritzari exijitu diote komunikazio-protokolo “ofizial, argi, nahitaezko eta gardena” aktibatu dezala.

Kontzentrazioa deitu du Salhaketak ostiralean, otsailaren 13an, Gasteizeko Andra Mari Zuriaren plazan, 12:30ean.

Beste pertsona bat hil da Zaballako espetxean, osasun arreta ukatua izan ostean

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal