lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 30/12/2024

Bi eraso arrazista izan dira Arrigorriagan eta Baionan

Agentziak/La Haine
Jatorri txinarrateko gizon bat jipoitu dute Arrigorriagan, eta kolpeen ondorioz beso bat eta hanka bat hautsita ditu. Baionan, jatorri afrikarreko bi emakumeri kolpeka eta piper-gasarekin erasotu zieten.

Arrigorriagako gertakariak ostiral arratsaldean, abenduaren 27an, izan ziren. Egun horretan, gutxienez hiru gazte egin zioten eraso txinatar jatorriko merkatari bati. Biktimaren alabetako batek azaldu duenez, zortzi bat lagun hurbildu ziren Severo Otxoa kalean duen dendara, hiru barrura sartu ziren, eta gauzak tokiz aldatzeari ekin zioten. Hori dela eta, merkatariak kargu hartu zien, eta atzetik joan zitzaien, errieta eginez. Orduan, gazteetako batek kolpe bat eman zion eta lurrera erori zen. Lurrean zela, beste bi gazte ostikoka hasi zitzaizkion, eta, ondoren, korrika ihes egin zuten. Jipoia zela eta, ospitaleratu egin behar izan zuten. Beso bat eta hanka bat hautsita ditu, eta kolpe handia du begi ondoan. Horren bilakaeraren zain daude ebakuntza egiteko.

Gaur 13:00etan izan da elkarretaratzea Arrigorriagan, biktimari eta gertukoei elkartasuna adierazteko. Bizkaiko SOS Arrazakeriak gogorarazi du Arrigorriagako erasoa eragin duten gertakari arrazistak ez direla bakanak izan, "probokazioen eta erasoen bidez etengabe gertatzen ari zirelako, batez ere psikologikoak (bazarreko salgaiak ukituz, jabeari gaztelaniarekin zituen zailtasunengatik iseka eginez, besteak beste)". Ildo horretan, salatu du horrelako ekintzak ez direla "puntualak", "gure gizartean oso errotuta jarraitzen duten arrazakeria eta xenofobia" erakusten dutelako. SOS Arrazakeriaren ustez, diskurtso arrazisten normalizazioaren ondorio ere badira, "erakunde eta alderdi politiko batzuek sustatzen dituzten gero eta ekintza bortitzagoak". Hala, dendariari gertatutakoa "zalantzarik gabe gorroto" delitua dela ziurtatu du, eta adierazi, ondorioz, horrela epaitu behar dela, "inolako zalantzarik gabe".

Baionan, jatorri afrikarreko bi emakumek salatu dutenez, hiru gizonek kolpatu eta piper-gasa jaurti zieten abenduaren 26an autoz zihoazela izandako liskar batean. Biktimak adierazi dutenez, biak autoan zihoazen beste ibilgailu bateko bidaiariekin, hiru gizonekin, desadostasuna izan zutenean. Aurrerago, gizon horiek kolpatu egin zituzten eta piper-gasarekin busti zituzten. Ondoren, konortea galdu zuten eta erasotzaileek ibilgailuaren giltzak lapurtu zizkieten.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal