Bi militante atxilotu dituzte Baionan, euskararen aldeko ekintza bat egiteagatik
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) mugimenduko bi kide Baionako epaitegiko teilatu gainera igo ziren atzo, eta euskararen aldeko margoketak egin zituzten. Hain zuzen, Justizia euskararentzat leloa idatzi zuten epaitegiko horman. Frantziako Poliziak atxilotu eta komisarian sartu zituen. EHEko beste kide batzuk ere identifikatu zituzten ekintza bukatu ondoren. Arratsaldean, zazpi ordu atxilopean pasa ondoren, aske utzi zituzten. Bestalde, Donostiako epaitegian ere euskararen aldeko margoketak agertu ziren.
Militanteak adierazi zuten hainbat instituziok “beren burua zuritzeko” erabiltzen dutela Euskararen Nazioarteko Eguna. “Guk, berriz, euskararentzat justizia eskatzen dugu”. EHEko kideen hitzetan, euskaldunon hizkuntza eskubideak etengabe zapaltzen dituzte, eta Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen dute. “Baionako epaitegian egindako pintaketa honekin salatu nahi dugu Frantziako Konstituzioak eta gaur egungo legediak euskaldunak baztertzen dituela”, adierazi zuten. “Hego Euskal Herrian, Espainiako Konstituzioak ere gure eskubideak zapaltzen ditu, eta azken garai honetan oldarraldi bat ere bada: euskaldunok borrokaz irabazi genituen eskubideak atzera eramaten dituzte”, gehitu zuten. Horren aitzinean, EHEko kideek ezinbestekotzat jo zuten Euskararen Errepublika, “Euskal Herria berreuskalduntzeko, eta euskaraz bizi ahal izateko” bidean, intsumiso jarrera kolektiboak garrantzitsuak direla esan zuten.
Bukatzeko larunbatean Durangon egingo duten manifestazioan parte hartzera deitu zuten.