lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 02/09/2025

Bi pertsona identifikatu dituzte Espainiako Vueltan, Palestinari elkartasuna adierazteagatik

La Haine - Euskal Herria
Israel-Premier Tech txirrindulari taldearen parte-hartzearen aurkako protesta batean parte hartzen ari zirela, errepide erdian jarri eta txirrindularien pasabidea oztopatu dute.

Azken egunetan, Espainiako Vuelta Euskal Herrian barneratu da. Astelehenean, txirrindulariek Iruñean hartu zuten atseden, eta gaur Bizkaian jokatuko den etaparen aurretik, Nafarroako lurretan lehiatu ziren atzo. Foruzaingoak bi pertsona identifikatu ditu Irunberrin (Nafarroa), Espainiako Vueltan Israel-Premier Tech txirrindulari taldearen parte-hartzearen aurkako protesta batean parte hartzen ari zirela.

Hainbat herritarrek parte hartu zuten protestan, Palestinako banderak erakutsi zituzten txirrindulariak aurretik igaro zirenean eta “Palestina askatu” oihukatu zuten. Era berean, Foruzaingoak horietako bi identifikatu zituen, errepide erdian jarri eta txirrindularien pasabidea oztopatu zutelako, eta tentsio momentuak bizi izan ziren indar errepresiboen eta protestarien artean.

Israel-Premier Tech taldeak garrantzi handia hartu du hamar urte eskasetan, haren atzetik, enpresari milioidun bat dago, Sylvan Adams. Adamsek sportwashing praktikak egiten ditu Israelgo Estatuaren irudi publikoa kirolaren bitartez hobetzeko. Israel-Premier Tech (jatorriz Israel Start-Up Nation) txirrindularitza taldearen atzean dagoen figura nagusia da. 2016an Israelera emigratu zuenetik, Adamsek kirola diplomazia publikoko tresna gisa erabiltzearen aldeko apustua egin du, Israelgo Estatuaren nazioarteko irudia hobetzeko.

Horretarako funtsezkoa izan da sortu berri duten taldea mundu mailako bihurtzea, Chris Froome bezalako izen handiak fitxatuz eta ekitaldi garrantzitsuak antolatuz, Adibidez, 2018an Italiako Giroa Israeldik abiatu zen. Israelgo Munduko Juduen Kontseiluko presidentea ere da, eta publikoki babesa adierazi die sionismoari eta Benjamin Netanyahuren proiektu politikoari. Netanyahuk bere partetik, estatuaren irudia hobetzeko aukera ikusi du Adamsen proiektuetan.

Israel Premier Tech txirrindularitza-taldearen aurka protesta egingo dute gaur

Gaur, Israelgo Estatuaren desegitea aldarrikatu eta talde sionistari ezetz esango diote. Horretarako, 16:00etan Espainako Vueltaren Bilboko helmugara (Kale Nagusiko Gregorio de la Revilla) hurbiltzera deitu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak, hura "Palestinaren aldeko aldarrikapenez" betetzeko.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal