Nacionales E.Herria :: 27/02/2014
[Bideoa] Gazteria, lana eta prekarietatea dossierra
Euskal Herriko gazteriak bizi duen prekarietate egoerari buruzko dossierra egin eta aurkeztu dugu gaur Bilboko La Bolsan.
Euskal Herriko gazteriak bizi duen prekarietate egoerari buruzko dossierra egin eta aurkeztu dugu gaur Bilboko La Bolsan. Azpiko loturan klikatuz gero irakurgai eta deskargatzeko moduan dugu osatutako dokumentua. Bestalde, Topatu.info-k aurkezpenaren harira egindako bideoa ere ikusgai dugu, bertan, dossierreko gako nagusiak biltzen dira.
GAZTERIA, LANA ETA PREKARIETATEA dossierra
Irakurketa:
Prekarietatearen egoera hau ez da berria gazteontzat baina 2007an neoliberalismoaren ofentsibak krisia eragin zuenetik egoerak nabarmen okerrera egin du.
Gazteoi buruzko inkesta eta datuak sarri entzuten baditugu ere, datuen atomizazioari aurre eginez, argazki osatu bat egin nahi izan dugu egoera hau gazteon eskutik mahai gainean jartzeko. Euskal Herri osoko gazteria kontuan hartzen duen halako txostenik ez da egin krisialdia hasi zenetik.
Dossier honekin lan merkatuaren egoerak gazteon prekarizazioan duen eraginaren inguruko argazki bat osatu dugu. Baina horrekin batera, honi aurre egiteko alternatiba zein den ere proposatu nahi izan dugu, egoerari aurre egiteko ekimenak proposatuz.
Prekarietateaz hitz egitean bi kontu garbi adierazi nahi ditugu: Batetik, prekarietatea ezegonkortasuna eta segurtasun ezaren sinonimoa dela. Bestetik, egiturazkoa dela eta ez koiunturala: ideal neoliberalak inposatzen dituen balioen eta formen ondorioa da eta ez bizi baldintza zehatz batzuena soilik. Beraz, kapitalismoa eta prekarietatea eskutik doaz.
Argazki honetan argi ikusten da neoliberalismoak eragindako krisia bere helburuak lortzen ari dela: prekarietatea sistematizatu eta iraunkortzea, pobretzean sakonduz. Eta hau lan baldintzen kaskartzearekin eta soldaten jaitsierarekin ari da lortzen, diru hori gutxi batzuen poltsikoetara bideratuz. Hainbat datu esanguratsu:
Euskal Herrian pobreziaren muga 937 €an dago. Gazteon %72 baino gehiago ez da diru-sarrera horietara iristen. Kontratudun gazteak %35 gara eta bataz besteko soldata 1.100 € prekario dira.
Langabezia datuak. 15-24 urte arteko gazteon langabezia %39,3koa da (%41 emakumeen kasuan). 23 puntu egin du gora krisia hasi zenetik. Langabetuen %58 gazteak gara. Hurrengo sektore kaltetuena 25-34 urte arteko gazteak gara: %18,6ko langabezia tasa.
Kontratu motak: 2013ko azken hiruhilekoan egin diren kontratuen %95,5a aldi baterakoak dira. Hauen %63,1ak hiru urte baino gutxiagoko iraupena dute. 16 eta 29 urte arteko gazteon %49ak familiaren sostengu osoa edo partziala behar du. Eta familiak ere gero eta larriago dabiltza.
Lan Erreforma berriarekin egoera hau are gehiago okertzea aurreikus genezake, minijob-en eredua aplikatzearekin prekarietatea areagotuko da.
Kontuan izan behar da hala ere, indikadore hauek ezkutuko lanak ez dituztela kontabilizatzen eta gazteriaren %65a (sistemarentzat ez aktibo diren gazteak) lan merkatu beltzean ari dela lanean (kontraturik gabe, zaintza lanetan…). Hauetako gehienak emakumeak eta migranteak.
Hezkuntzari dagokionez, jakintza, herriak dituen beharrak ase eta proiektu sozialak garatzeko baliatu ordez, enpresa kapitalisten mesedera egokitu da. Horrek, proiektu berrien sorrera, garapen eta autogestioari begira arazo larriak ekarri ditu; besteen aginduen menpe lan egiten soilik dakien gazte belaunaldia hezi da.
Hezkuntza elitizatzen eta negozio bilakatzen ari da. Ikasleak lana eta ikasketak konbinatzeko gero eta zailtasun gehiago izaten ari diren bitartean, bekak lortzeko baldintzak gogortu eta tasak igo dira. 2010etik EHUko matrikulak %8,8 igo dira. NUPekoak %4. Ipar Euskal Herrian larriagoa da egoera, ikastera ere Pau, Tolosa edo Bordelera joatera behartuta baitaude. Urtero 8000 gaztek alde egiten dute. Asko ez dira itzultzen.
Prekarietate egoera honek bi ondorio nabarmen ditu:
emantzipatzeko ezintasuna. Etxebizitzaren prezioaren bataz bestekoarekin ezinezkoa zaio gazte bati egun etxe bat alokatzea. Larriena ordea beste datu bat da: gazteok jada planteatu ere ez dugu egiten emantzipatzea.
Migrazioa. Lan kualifikaturako eskaintza eta aukerarik ezean atzerrira joatera behartzen gaituzte. Ipar Euskal Herrian egiturazko arazoa da barnekaldea hustea. Hego Euskal Herrian 2012an 22.300 gaztek alde egin zuten Euskal Herritik, gehienak (%62,9) Espainiako Estatutik kanpora. %43 hazi da gazteon migrazioa krisia hasi zenetik. Atzerrira joateak ez du esan nahi ordea prekarietatea hemen uzten dutenik. Oinarrizko eskubide asko galtzen dituzte gainera erroldan baja ematearen ondorioz.
Egoera honen aurrean, Ernaik uste du egoera honi ezin zaiola buelta eman honaino ekarri gaituen pentsamendu eskemarekin jarraituz. Kapitalismoa prekarietatea da eta hau urratsez urrats irauli beharra dago.
Zentzu horretan, iraultza sozialaren norabidean, aterabide osoa emateko Euskal Estatuaren aldeko apustua egiten dugu. Neoliberalismoak merkatuaren bidez herritarrok politikan eragiteko dugun gaitasuna bahitu nahi izan dute. Prozesua irauli behar da herri boterearekin, parte hartzearekin politikan eraginez. Burujabetza da horretarako bidea. Politika propioak garatzea herritarron mesederako.
Bestetik, egungo merkatuaren logikari intsumisioa egin behar zaiola uste dugu, bi zentzutan:
eskubideen murrizketak eta baldintzen kaskartzea ez onartuz eta hauen alde antolatu eta borrokatuz: sindikatuetan, ikasle mugimenduan, gazte mugimenduan… Estatuari eskubideen bermean dagokion funtzioa exijituz.
gure kontsumo ohituretan kriterioz jokatuz eta enpresa kapitalistetan ez kontsumituz ahal dela.
Dena den, gure helburua ez da sistematik kanpo bizitzea, bertan eragitea baizik. Zentzu horretan jarrera intsumisoa praktika burujabe bilakatu behar dela uste dugu. Alternatibak eraiki eta saretu behar ditugu. Horretarako honako ekimenen garapenean lan egingo du Ernaik:
Formazioa eta aholkularitza finantzario, estrategiko zein juridikoa ekonomia sozial eta solidarioko proiektuak martxan jarri eta garatzeko.
Proiektu hauek saretzea.
Gazte kooperatibak sortu eta saretzea.
Guzti horren helburua produkzio bitartekoak kolektibizatzea eta komunitatearen beharren araberako produkzio eredua sustatzea izango da. Horrekin batera, pixkanaka merkatu justu eta solidarioa eraikitzea da helburua.
Burujabetzaren aldeko herri presioa eta praktika burujabea garatzea dira beraz, prekarietateari aurre egiteko Ernaik proposatzen dituen tresnak. Zentzu horretan, kanpaina bat abiatuko dugu martxoan egoera gordin hau gazteon artean landu eta ekimenak martxan jartzeko. Inflexio puntu gisa, maiatzaren 3an Bilbon gazte manifestazio nazionala egingo dugu Gazteok burujabe: larrutu sistema, eraldaketa gure baitan lelopean. Bestetik, martxoaren 3an aipatutako ofentsiba neoliberalaren diseinatzaile eta sustatzaileak Bilbon izango dira gailurra ospatzen. Prekarietatearen errudun direnen aurrean mobilizatzeko deialdia luzatu nahi diogu gazteriari. Artaburu horien eskutik ez da konponbiderik etorriko. Burujabetza da tresna eta bidea.







