Palestinarekin Elkartasunak mobilizazioak deitu ditu Nakbaren urteurrenean

Israelgo Estatuak 78 urte beteko ditu maiatzaren 15ean, eta, urtero bezala, palestinarrek gogora ekarriko dute 1948ko “Nakba” edo “hondamendia”. Urte hartan, Palestinako biztanle arabiarren ia erdiak —750.000 pertsona inguru— beren etxeetatik kanporatu zituzten, 500 herrixka baino gehiago suntsitu, eta milaka lagun erail, bortxatu edo torturatu zituzten. Palestinarekin Elkartasuna plataformk azpimarratu duenez, Israelgo Estatua “indarkeria eta suntsipenaren bidez” sortu zen.
Nakbaren” 78. urteurrenaren harira, Palestinarekin Elkartasuna plataformak mobilizazioak deitu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, “Hondamendira garamatzate. Israel desegin. Erresistentzia aurrera” lelopean. Ostiralean, Bilbon 18:30ean hasiko da manifestazioa Eliptika Plazatik; Donostian eta Gasteizen, berriz, 19:00etan abiatuko dira mobilizazioak, Bulebarretik eta Andre Mari Zuriaren Plazatik hurrenez hurren; eta Iruñean, 22:00etan egingo dute gaueko martxa, udaletxearen aurretik abiatuta. Deialdiaren helburua da 1948an hasitako “hondamendia” oraindik ere martxan dagoela salatzea eta Palestinaren aldeko “erresistentzia” aldarrikatzea. Plataformaren arabera, “ezin da 1948ko hondamendia ahaztu”, baina are gutxiago “hondamendiak gaur egun ere jarraitzen duela”.
Azken urteetako egoerari dagokionez, bereziki nabarmendu dute 2023ko urriaren 7tik Israelek Gazaren aurka abiatu duen “setioa eta sarraskia”. Haien ustez, horrek agerian uzten du Israelgo estatuaren “proiektu kolonizatzailea”, zeinak “garbiketa etnikoa” eta lurralde okupazioa dituen oinarri. Testuinguru horretan kokatu dituzte Iranen aurkako erasoak eta Libanoren aurkako bonbardaketak
Plataformaren esanetan, Israelen helburua da “lurralde gehiago hartzea” eta “bere mugak zabaltzea”, bai Gazan, bai Zisjordanian, bai Jerusalem ekialdean, bai Libanon. Are gehiago, salatu dute proiektu hori “Palestinatik harago” hedatzen ari dela, eskualde osora iristeko asmoz, eta “Israel Handia” egitasmoarekin lotu dute, “Eufrates eta Nilo ibaien arteko eremua” barne hartuko lukeena.
Helburu horiek lortzeko, Israelek “aliatu sendoak” izan dituela azpimarratu dute, bereziki AEBak, baina baita Mendebaldeko beste herrialde batzuk ere. Haien arabera, Mendebaldeak “ahalbidetu” du Gazan gertatzen ari den genozidioa, “armamentua, finantzaketa eta babesa” emanez. Gainera, kritikatu dute Mendebaldeak Palestinako eta Libanoko herritarrei “erresistentziarako eskubidea” ukatzen diela.
Egoera horren aurrean, Palestinarekin Elkartasuna plataformak “Israelen zilegitasuna auzitan jartzeko” deia egin, eta “borrokan jarraitzeko” beharra azpimarratu du. Haien hitzetan, “Palestinaren askatasunak” eta eskualde osoko herrien askatasunak “Israeli aurre egitea eta hura desegitea” eskatzen dute. Azkenik, “Nakbaren urteurrenean kaleak hartzera” deitu dute, Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera gonbidatuz.







