lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 20/03/2025

Birunda gune autogestionatua ilegalki hustu dute

Beñat Parra
Ustez, orain lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak eta, Ertzaintzak babestuta, leihotik sartu eta lokaleko sarraila aldatu dute.

Donostiako parte zaharreko Abuztuak 31 kaleko Birunda gune autogestionatua hustu dute, baita “modu ilegalean” hustu ere, Birundako kideek salatu dutenez. Hain zuzen ere, ustez, orain lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak eta, Ertzaintzak babestuta, leihotik sartu eta lokaleko sarraila aldatu dute. Ondoren, Ertzaintzak gunea zinta batekin itxi du.

Birundako kide batek hedabide honi azaldu dionez, herenegun hasi ziren mugimenduak gunean, kideek sarraila aldatuta aurkitu baitzuten orduan. Ordea, espazioa berreskuratu zuten Birundakoek ordu gutxiren buruan eta, oraingoan, Ertzaintzarekin batera joan dira sarrailagileak sarraila aldatzera.

Hainbat gazte bertaratu dira gunera, gertatzen ari zena salatu eta Birundakoei babesa helarazteko; Ertzaintzak horietako batzuk identifikatu ditu, besteak beste, gertatzen ari zena mugikorrarekin grabatzen ari zirelako. Sarraila aldatu ostean, denbora tarte batez han geratu dira ertzainak eta gazteak eta, azkenean, gazteak modu inprobisatuan auzoan barrena ibili dira, Birundaren, okupazioaren eta auzo bizi baten aldeko aldarrikapenak egiten.

“Ilegala” 

Birundako kideek euren aldeko sententzia bat jaso dute duela gutxi, Gipuzkoako Auzitegikoa, Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak gunearen aurka ateratako sententzia atzera botaz eta kideak usurpazio delitutik absolbituz. Horrela, gune autogestionatuko kideek nabarmendu dute “erabilera aitortuta” dutela. Aldiz, sarrailagileek ez diete agindu judizialik erakutsi Birundakoei, kideek salatu dutenez.

Birundakoak etengabe saiatu dira ertzainei sententzia erakusten, eta, azkenean, behin sarraila aldatuta, aginteari sententzia erakustea lortu dute. Hain zuzen ere, espazio autogestionatuko kideek azaldu dutenez, “salaketa jartzeko” esan die aginteak.

Modu inprobisatuan, auzoko kaleetatik ibili dira hainbat gazte, Birunda hustu izana salatzen.

Urte eta erdi

2023ko urrian ireki zuten Birunda gune autogestionatua, Donostiako mugimendu autonomoetan ibilitako hainbat lagunek okupatu eta txukundu ostean. Lehendik jatetxe bat izan zen, baina jabeak zituen zorrak zirela eta –hainbat lokal dituen enpresaria zen jabea–, hutsik eta egoera txarrean zegoen. Zazpi printzipio politiko argirekin ireki zuten gunea: transfeminismoa, antikapitalismoa, antiautoritarismoa, antiespezismoa, antifaxismoa, antirrazismoa eta internazionalismoa.

Urte eta erdi honetan, askotariko kultur jarduerak antolatzen aritu dira eta, gentrifikazioaren, turistifikazioaren eta espekulazioaren bihotzean, antolaketa politikorako eta erresistentziarako gunea ere izan da.

Birunda gune autogestionatua «ilegalki» hustu dute - Irutxuloko Hitza : Irutxuloko Hitza

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal