Birundaren desalojoa salatzeko, manifestazioa egin dute Donostian


Martxoaren 19an hustu zuten Donostiako Parte Zaharreko Abuztuak 31 kaleko Birunda gune autogestionatua. Operazioa “ilegala” izan zela salatu zuten egunean bertan Birundako kideek, euren aldeko epai bat eskuratu dutelako duela gutxi. Gertaturikoa salatzeko, manifestazioa deitu zuten gaur arratsalderako, eta hainbat herritarrek bat egin dute Birundaren itxieraren kontrako martxarekin.
Gunea hustu ondoren, Birundako kideek ohar bat plazaratu zuten: “Duela hilabeteak, sententzia bat jaso genuen Gipuzkoako Auzitegitik. Bertan, Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak ezarritako usurpazio delitutik absolbitzen gintuen; espazioa modu legalean erabiltzen ari gara, beraz. Orain, espaziorako eta barruan dugun material guztirako sarbidea ukatzen zaigu”. Kaleratzearen ondorioz, Birunda erabiltzen zuten pertsona eta eragileen “jarduera guztia gelditu” egin dela deitoratu dute: “Erabil genezakeen auzoko espazio bakarretik umezurtz geratu gara”.
Gertaturikoaren aurka, Parte Zaharrean barrena manifestazio zaratatsua egin dute, eta hainbat pintaketa egin dituzte hormetan Birundaren itxiera salatzeko.