BSH-k iragarri du Eskirotzen duen lantegia ixteko asmoa duela
Etxetresnak egiten dituen BSH taldeak —besteak beste, Bosch, Siemens eta Balay marken ekoizlea— Eskirotzen (Esteribar, Nafarroa) duen lantegia ixteko asmoa iragarri du gaur, "lehiakor izateari utzi" diola argudiatuta. 655 langile ditu faktoriak.
Multinazionalak ohar bidez azaldu duenez, "urteetan zehar hainbat agertoki eta neurri arretaz aztertu dituzte, baina egindako hobekuntzak gorabehera, BSHk Eskirotzen duen lantegiak lehiakor izateari utzi dio". Hori horrela, sei hilabetez, ekainera arte, legeak ezarritako negoziazio prozesua abiatuko du enpresak. Zuzendaritzaren arabera, "hitz egiteko prest" izango da. Epe horretan ontzi garbigailuak eta hozkailuak egiten jarraituko du enpresak.
Ezkirotzeko BSHren langileek bi urte daramatzate aldi baterako enplegu erregulazio espedientearekin, eta orain heldu zaie itxiera espedientea. Aurrez, Etxarri Aranatzen eta Lizarran zituen lantegiak itxi zituen multinazionalak. Iaz 14.890 milioi euroko fakturazioa izan zuen BSH taldeak.
Itxieraren aurka protesta egiteko, langileek elkarretaratzea egingo dute asteazken honetan 12:00etan Nafarroako Parlamentuaren aurrean, eta manifestazioa egingo dute larunbatean, ordu berdinean Golem Baiona zinemetatik abiatuko dena.