lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 29/09/2025

CAFeko langileek asteazkenerako lanuztea deitu dute

Onintza Irureta Azkune
Nazio Batuen Erakundeak Israelgo legez kanpoko kokalekuetan negozioak egiten dituzten enpresen zerrenda berritu du. 68 lantokiren izenak gehitu ditu, eta tartean dago CAF.

"Irailaren 26an NBEk ofizialki sartu zuten CAF lurralde okupatuan jarduten duten enpresen zerrendan –dio enpresa batzordeak–. Enpresak ez du inolako erantzukizunik onartzen, eta erabat ezkutatzen du tranbia horrek Israelen okupazioa sendotzeko balioko duela, legez kanpoko koloniak lotzen dituen azpiegitura batekin". Langileek diote ez dela tranbia soil bat, "kolonizazio-tresna bat" baizik.

"Komunikazio horrekin, CAFeko zuzendaritzak aukera galdu du alde batera pauso bat emateko, 2018tik langileok behin eta berriz eskatzen dugun bezala. Erantzukizunak bere gain hartu eta enpresa proiektu honetatik eta Israeletik urruntzeko formulak bilatzen saiatu beharrean, herrialde okupatzailearen tesia bere gain hartzen du eta bere irudia zuritzea bilatzen du, NBEren beraren argudioei aurre eginez. Patronalaren zinismoak ez du mugarik", diote.

Horregatik, zuzendaritzak zabaldutako komunikatua gaitzetsi dute langileek eta argi utzi nahi izan dute enpresa-batzordearen eta langileen iritzia ez dela dokumentu hartan jasotzen, eta zuzendaritza deitu dutela premiazko bilera batera azalpenak eman ditzan.

Bitartean, urriak 1 asteazkena, 10:00etan hasita ordubeteko lanuztea egitera deitu dituzte langileak bulego nagusien aurrean.

NBEren zerrenda beltza

158 enpresa daude NBEren zerrendan, 2023koa berritu eta gero. 68 enpresa gehitu ditu eta zazpi kendu. Sartu berrien artean dago CAF. Hamaika herrialdetako enpresak ageri dira; 138 Israelgoak, sei AEBetakoak, bina Frantzia, Espainia eta Erresuma Batukoak. Portugal, Kanada, Alemania, Txina, Luxenburgo, Herbehereak eta Euskal Herrikoak enpresa bana dira.

NBEren Giza Eskubideen bulegoak 2024an 596 enpresaren informazioa jaso zuen. Lantoki horiek Zisjordania okupatuan negozioak dituztela jasotzen da. Giza Eskubideen bulegoa horien herena aztertzera iritsi da oraingoz. Zisjordanian ari diren enpresen jarduera baino ez du landu bulegoak, Gazan ez dute eskurik hartu. Enpresa horiei egozten zaie Israelek legez kanpo okupatuta dauzkan Zisjordaniako lurretan jardutea. Zerrenda berrituan agertu direnen artean daude Euskal Herriko CAF eta Espainiako SEMI eta Ineco. Hirurek dituzte trenei lotutako egitasmoak, eta bereziki Jerusalem eta lurralde okupatuak lotzen dituzten tranbia-lineak.

CAFek dio "legediak zorrotz bete" dituela

CAFek bere webgunean jarritako agiri bidez zehaztu duenez, jakitun da “Jerusalemgo Proiektuarekin lotutako inplikazio juridiko eta etiko” konplexuez, “eta, bereziki, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioari eta enpresen erantzukizunari dagokienez”. Horregatik, dio, enpresaren barne mailan, nazioartean, zein Espainiako Estatuan ere giza eskubideekin lotutako arau eta "legediak zorrotz bete" dituela.

Proiektuaren konplexutasuna kontuan hartuta, CAFek “giza eskubideen babesa eta herritarrei, bereizketarik gabe, komunitate guztientzat funtsezko azpiegitura eskaintzearen arteko oreka arreta handiz zaintzea” du helburu; eta horretarako, NBEk “Gatazken Eraginpean dauden Testuinguruetarako Behar Adinako Arretaren Gidak” guztiz betetzen dituela dio.

Agirian aurreratu zuen NBEk leku gatazkatsuetan aritzen diren enpresen zerrendan aterako zuela CAF, eta adierazi zuen, horrek ez duela inolako “kalifikazio juridikorik ezartzen” enpresak leku horretan duen jarduerarekiko.

NBEk egindako zerrendan dauden enpresek ez dute zigorrik jasoko, informatzeko baino ez darabilte. Dena den, Volker Türk NBEko goi mandatariak adierazi du beharrezkoa dela gatazka-testuinguruetan jarduteko behar den ardura betetzea, "jarduerek giza eskubideen gehiegikeriarik ez dutela eragiten bermatzeko".

Nor dira CAFek aipatzen dituen aditu independenteak?

Jerusalemen urte luzez bizitako Mikel Ayestaran EITBko berriemailea telebista publikoan elkarrizketatu dute CAFen inguruan. Kazetariaren galderari erantzunez, tranbiak Jerusalemen betetzen duen funtzioa azaldu du. Berak azaldu du Israelgo Estatuaren politikek bultzatzen dutena dela Jerusalem erdigunea koloniekin lotzea, “auzo” (kolonoen terminologia erabilita) horietara gero eta jende gehiago eramatea, eta hala, ‘Jerusalem handia’ zabaltzen segitzea. “Begiratu batean, tranbia bat baino ez da, baina helburua Jerusalem eta koloniak hobeto konektatzea da”. Ayestaranek eskatu du CAFek bere agirian aipatzen dituen aditu independenteak zein diren jakitea eta haiek idatzi duten txostena eskuratzeko aukera izatea, “ez baitago eskura eta gardentasunik ez dago”. Enpresari bezala, EAEko lehendakari Imanol Pradalesi, eskatu die adituen eta txostenaren berri ematea, “zeren proiektu bat babesten ari dira eta proiektu horrek ez du nazioarteko zuzenbiderik betetzen, oso garbi dago ez dituela arauak betetzen”.

CAFeko langileek asteazkenerako lanuztea deitu eta zuzendaritzak Jerusalemgo tranbiaz esandakoak gaitzetsi dituzte

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal