CCOOren mehatxuak salatu du EHEk

CCOO sindikatuaren izenean diharduen abokatu talde batek egindako jakinarazpen bat jaso zuen EHE mugimendu euskaltzaleak otsailean; testu horretan, espresuki eskatu zioten EHEri sare sozialetatik kentzeko iazko abenduan Gasteizen sindikatuaren egoitzaren atarian egindako ekintza baten bideoa, eta halako ekintzarik berriro ez egiteko. Hori bete ezean, auzitara jotzea aztertzen ari zela adierazi zion CCOOk EHEri.
Euskararen eta euskaldunon etsai gisa seinalatuz, abenduaren 24ean, EHEk ikatza utzi zuen CCOOk Gasteizen duen egoitzaren atarian. Ekintza horren bitartez, euskararen aurkako oldarraldi judizial eta politikoan sindikatuak jokatzen duen paper estrategikoa salatu zuen eragile euskaltzaleak. Azken egunotako albisteek, gainera, salaketa hori indartu dute. Izan ere, Argia hedabidean argitaratutako albisteek berretsi dute CCOO euskaldunon eskubideak murrizteko eta euskararen bazterketa betikotzeko estrategia antolatu baten parte dela. Euren azpijokoa begien bistan geratu da, oraingoan, froga argigarriekin gainera.
Abenduaren 24ko ekintzak, ordea, ezinegona sortu du CCOOn eta, EHE intimidatzeko asmoz, mehatxu gutuna igorri dio. Bertan, bere irudi-, ospe- eta marka-eskubideak urratu izana egozten dio EHEri eta, bide judizialak hartu aurretik, adiskidetasunezko konponbidea adosteko proposamena egiten dute. Gainera, mehatxu egin dute Andoaingo Udala ere demandatua izan daitekeela, bi eragileen arteko lotura faltsua eginez. Lotura faltsu hori, paradoxikoa badirudi ere, informazioa euskaratik gaztelaniara desegoki itzultzearen ondorio izan da.
EHEk adierazi duenez, bide judiziala ez hartzeko, bost konpromiso eskatu dizkio sindikatu espainiarrak mugimendu euskaltzaleari: “Eduki arau hauslea berehala kentzea X plataformatik eta zabaldua izan den gainerako bitartekoetatik; CCOOk dituen eskubide esklusiboak aitortzea; CCOOren irudiari, jabetza industrialari eta instalazioei eragiten dien antzeko ekintza gehiagorik ez egiteko edo ez zabaltzeko idatzizko konpromisoa hartzea; aurrez aipatutako baldintza guztiak bete izanaren frogak aurkeztea eta komunikazio honen konfidentzialtasuna gordetzea, baita bertatik erator daitezkeen negoziazioena ere”. Azken puntu hori, hain justu, gaurko agerraldiarekin hautsi du EHEk, argi utziz ez dutela CCOOk planteatutako konpromiso horietako bakar bat ere betetzeko asmorik.
"Ezer baino lehen, sinestezina iruditzen zaigu ikatza eramateagatik eta pegatina batzuk itsasteagatik Olentzero epaitegira eraman nahi izatea. Ez al dakizue zein den Olentzeroren jarduna? Gaizki portatzen direnei ikatza ematea. Halakorik jaso nahi ez baduzue, badakizue: zintzo jokatu; izan ere, euskararen aurkako talde antolatuen sustapenean aritzea eta Olentzerok opariak eramatea ez dira bateragarriak", adierazi dute EHEko kideek.
Azaldu dutenez, oharra gaztelaniaz soilik jaso dute, eta bost konpromisoak hartzeko modu bakarra sindikatuak "euskararen kontrako estrategia antolatua bertan behera uztea litzateke", eta, horren ordez, "euskararen biziberritzearen aldeko jarrera hartzea".
"EHE ez duzue horrelako mehatxuekin kikilduko. Argi izan dezazuela, euskararen aurka abiatutako estrategia gelditzen ez bada, zuen jarrera euskarafoboa salatzen jarraituko dugula", argi utzi dute.







