lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 28/02/2026

Datu berri baten harira, Josu Zabala 'Basajaun' etakidearen heriotza argitzeko ikerketa abiatu dute

La Haine - Euskal Herria
Bertsio ofizialak dio bere buruaz beste egin zuela, baina ETAk indar errepresiboei egotzi zien erailketa.

Josu Zabala "Basajaun" eusko gudariaren heriotza argitzeko asmoz, Egia Ilunpetik Argira ekimenak ikerketa berria abiatu du, lekukotza ezezagun batean oinarrituta. Agerraldia Bilbon egin zuten, udaletxetik gertu dagoen La Tortilla tabernaren aurrean, desagerpenaren azken une ezagunekin lotura zuzena duen lekuan.

1997ko martxoaren 23an, 12:00etan, Zabalak hitzordua zuen taberna horretan ETAko beste kide batekin, Ipar Euskal Herritik zetorren pertsona batekin, hain zuzen. Berarekin batera zegoen Iñaki Bilbao Gaubeka, eta honek inguruak zaintzen zituen bitartean, Zabala tabernarantz abiatu zen. Orain arteko hipotesi nagusiaren arabera, bidean bahitu zuten Espainiako indar errepresiboek. Izan ere, ez zen hitzordura iritsi, eta ez zen berriro agertu.

Hala ere, datu berri batek zalantzan jarri du kontakizun hori. Lekuko batek adierazi du Zabalarekin topo egin zuela egun berean, 14:00ak aldera, Bilboko Areatza inguruan, “oinez, urduri eta bizi-bizi”. Egun hartan Korrikaren amaierako jaialdia ospatzen ari ziren hirian, eta erdigunea jendez gainezka zegoen. Zabalaren ezaugarri fisiko nabarmenek —1,95 metroko garaiera, argala eta ile motza— eta Iruñean AEK-ko irakasle izandakoa izateak erraz egin zezaketen norbaitek hura ezagutzea.

Lekukotza horrek aukera berriak ireki ditu. Egia Ilunpetik Argira ekimeneko kideek uste dute litekeena dela jarraipena edo atxiloketa geroago gertatu izana, eta ez La Tortillara bidean. Horregatik, herritarren laguntza eskatu dute: 1997ko martxoaren 23an edo ondorengo egunetan Zabalarekin lotura izan zezakeen edozein xehetasun ikusi edo entzun zuen orori dei egin diote harremanetan jartzeko(basajaun1997@gmail.com / 655 836 183).

Zabalaren gorpua martxoaren 27an agertu zen Debako Mendata gainean (Gipuzkoa), bihotzean tiro bat zuela, Bilbon desagertu eta lau egunera. Autopsiaren arabera, martxoaren 26ko gauerdian hil zen. Bertsio ofizialak suizidioa ondorioztatu zuen; hala ere, familiak eta ETAk hasieratik ukatu zuten aukera hori, eta Espainiako indar errepresiboek hil zutela salatu zuten.

Zalantzak piztu zituzten hainbat elementuk: gorpuaren ondoan aurkitutako pistolak ez omen zituen hatz-markarik; arma herdoilduta zegoen; ez zen balarik agertu; eta ez zegoen odol edo ehun arrastorik inguruan. Zabalaren senideek nabarmendu dute 29 urte daramatzatela egia, ikerketa eta justizia eskatzen, eta oraingo ekimen hau urrats erabakigarria izan daitekeela uste dute.

Azaldu dutenez, Zabalak eta Bilbaok etxebizitza bat partekatzen bazuten ere, bakoitzak bazuen beste gordeleku bat, segurtasun arrazoiengatik elkarri jakinarazi gabea. Ikerketaren beste helburuetako bat da Zabalak erabil zezakeen pisu hori identifikatzea; izan ere, baliteke jarraipena sumatu ondoren hara jotzea, eta horrek azken orduetako ibilbidea argitzen lagun lezake.

Zabalaren kasuak badu antzekotasunik beste heriotza susmagarri batekin ere: Jose Luis Geresta 1999an hilik agertu zen Errenterian, eta kasu hartan ere suizidioaren bertsio ofiziala zalantzan jarri zuten familiak eta ezker abertzaleak.

Ia hiru hamarkada igaro ondoren, Zabalaren heriotzak itzalpean jarraitzen du. Orain, lekukotza berri baten harira, senideek eta ekimeneko kideek egia argitzeko aukera berria ikusten dute, eta gizartearen memoria eta laguntza ezinbestekotzat jo dituzte bide horretan.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal