Deialdi antifaxista egin dute Donostian


Segurtasunaren aldeko elkarretaratze bat antolatu dute ostiral honetarako, hilak 23, Altzako Harria parkean. Donostiako hainbat eragile antifaxistek salatu dutenez, “Voxeko jarraitzaile bat” da deialdiaren atzean dagoena, eta Frente Obrerok eta Juventud Combativa eragile faxistek ere deialdia egin dute bertara.
Azaldu dutenez, elkarretaratzearen leloa “gure hiri/auzoetan delinkuentzia gehiago ez” bada ere, talde horien “izaera arrazista, matxista eta klasista ezagutzen dituenak badaki, funtsean esan nahi dutena, ‘gure hiri/auzoetan migrante gehiago ez’ dela”.
Eragile hauen ustez, “politikari profesionalek eta oligarkek dute gure pobretzearen zein segurtasun ezaren erua”, eta haiek dira “seinalatu” behar direnak, “ez guzti horren ondorio latzenak jasaten dituztenak”.
“Diskurtso arrazistek geure artean etsaitu” nahi gaituztela uste dute eragile antifaxistek. “Alabaina, guk argi dugu zapalduenen aurkako autoritarismoak ez gaituela askatuko. Ez dugu faxismoaren bozgorailu izan nahi, guretzat aterabide bakarra langile ororen kalitatezko bizi baldintzen alde lan egitea da”.
Honela, “pobrezia, arrazakeria eta faxismoari aurre egiteko” deia egin dute, datorren ostiralean, 19:00etan Altzan.