Deklaratzera deitu dituzte Palestinaren aldeko mobilizazioetan parte hartu duten lau pertsona
Starbrucks multinazionalak salatutako lau lagunek epailearen aurrean deklaratu beharko dute martxoaren 11n, Iruñean.
Starbucks multinazionalak jarritako salaketa bat dela-eta, deklaratzera deitu dituzte Palestinaren aldeko zenbait ekintzetan parte hartu duten lau pertsona. Iazko urrian Iruñean Palestinaren aldeko mobilizazioak antolatu zituzten hiru mugimendutako kideek jaso dute salaketa. Hauek epailearen aurrean deklaratu beharko dute martxoaren 11n, Iruñean.
Palestinarekin Elkartasuna plataformak salaketa hau Palestinarekiko elkartasuna "kriminalizatzeko" saiakera gisa definitu du, eta ohartarazi du Iruñean beste hainbat errepresio kasu ere izan direla: "bi lagun atxilotu zituzten urriaren 15eko mobilizazioaren harira, zortzi pertsona auzipetu zituzten Israelgo talde batek Vueltan parte hartzearen aurka protesta egiteagatik, eta dozenaka laguni isunak jarri zizkieten beste protestetan". Plataformaren iritziz, Starbucks “errudun baten bila dabil kosta ahala kosta”, palestinaren aldeko ekintzek sortutako kalte ekonomikoengatik eta Palestinaren aldeko elkartasunaren aurkako errepresioa indartzeko.
Horren aurrean, Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Herriko artista askok martxoaren 21erako Durangoko Landako Gunean jaialdi handi bat antolatu dute, eta ekitaldi horretako etekinen zati bat errepresioari aurre egiteko erabiliko dute. Jaialdiaren helburua da Palestinaren aldeko ekintzaileei babesa ematea eta herritarren mobilizazioa sustatzea.







