Desokupa enpresa baten presentzia salatzeko elkarretaratzea egingo dute Zornotzan

Joan den astean, desokupazio enpresa bateko kideak Zornotzan(Bizkaia) egon ziren, etxebizitza bat husteko asmoarekin. San Antonio auzoan dago etxebizitza, eta alokairua ordaintzeko zailtasunak ditu bertan bizi den pertsonak.
Horrelako erasoa onartezina dela salatu zuen Matrailu Gaztetxeak. Etxegabetze saiakeraz gainera, horrelakoetan lan egin duten enpresen jarduna ere kritikatu zuen. "Okupazioaren kriminalizazioaz eta klase jabedunaren interesak babesteaz aberasten dira desokupazio enpresak. Miseria garaiotan pobreak seinalatzen dituzte eta arrazakeriaren bitartez gorroto ideologia sustatzen dute. Horrelako erasoak onartezinak dira eta hauei aurre egitean berresten gara, beste behin", adierazi zuen sare sozialetan.
Horren aurrean, mobilizatzera deitu du "faxisten presentzia" salatzeko eta jazartutako herritar bati elkartasuna adierazteko. "Argi utzi behar dugu faxistak ez direla ongietorriak ez hemen, ez inon. Inoiz baino beharrezkoagoa da erantzun antifaxista antolatzea", esan dute Matrailuko kideek. Elkarretaratzea ostiralean egingo dute, urtarrilak 23, Urgozon. 20:30ean izango da.







