lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 10/01/2025

EAEko Auzitegi Nagusiak LEP bat berriro eginaraziko du, euskara eskakizuna dela-eta

La Haine - Euskal Herria
Azken urteetan, euskararen aurkako hainbat sententziek 500 lanpostu publiko baino gehiago kolokan jarri dituzte.

EAEko Auzitegi Nagusiak Bizkaiko Foru Aldundiko 77 lanpostu bete edo egonkortzeko azterketa publikoa berriro egin beharko dela berretsi du, euskara eskakizuna “gehiegizkoa” dela eta ez duela “enplegu publikora baldintza beretan iristeko herritar guztien eskubidea” betetzen argudiatuta. 2021 eta 2022 artean bi LEP deitu zituen Aldundiak, administrazio postuak betetzeko. 227 postu ziren orotara, lehen eskaintzako 77ak (orain epaileak berrikusi dituenak) eta bigarren txandako 150ak. Bien aurkako salaketa jarri zuen lanpostu horietara aurkeztu zen norbanako batek, euskara eskakizunak “neurrigabeak” zirelakoan. Administrazioko lanpostuak betetzeko hizkuntza eskakizuna “gehiegizkoa” zela ebatzi zuen Bilboko epaitegi batek iaz, eta Foru Aldundiak helegitea aurkeztu zuen. Auzitegi nagusiak helegite hori ezeztatu du orain. Horrenbestez, aldaketarik ez bada, 77 lanpostu bete edo egonkortzeko azterketa errepikatu beharko da.

Euskalgintzaren Kontseiluak salatu du ez dela epai bakarra, oldarraldi judizial baten emaitza baizik: “Euskalgintzaren Kontseiluak bere kezka adierazi nahi du euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizial honek dagoeneko 500 lanpostu publiko baino gehiago jarri dituelako kolokan”. Gaurkoa bereziki larria iruditu zaie, ordea: “Hizkuntz Eskubideen Behatokiak bildutako salaketa ugariek adierazten duten bezala, herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak ez daude bermatuta Bizkaiko Foru Aldundian. Horri konponbidea jartzera bideratutako deialdi hau bertan behera uzteak urraketak betikotzea lekarke ezinbestean”.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal